Ume zein guraso, 18:00etarako jendetza zegoen Aiako plazan. Arropa zaharrak soinean eta izara zuria burutik behera zutela batzuk, mozorro modernoxeagoekin besteak. Trikiti eta pandero doinuek eman zioten hasiera Gau Beltzeko ospakizunei.
Herrian barrena kalejira luzea egin zuten aurrena. Frontoira iritsi zirenerako ilunduta zegoen zerua, eta frontoiko argiak itzali zituztenean, erabateko zen ilunpea, baina halaxe egin zuten ekitaldia, soilik dozena bat lanpararen eta suaren argipean. Txalaparta soinua entzun zen aurrena, dantzariek ere egin zuten saioa, eta ekitaldiari bukaera herritarrik ausartenek eman zioten, ilupetan dantzan. Jarraian, argiak piztu eta bertan egin zuten mokadutxoa.
Baina ez ziren horrekin bukatu ospakizunak. Guraso elkarteak sorpresa agindu zuen, eta agindutakoa bete zuen, nola bete ere. Frontoiaren atzealdean dagoen eraikinean ihes-gela bat prestatu zuen gaztetxoentzat, eta handik atera ezinik pasatu zituzten oheratu aurreko orduak.