Joan den ostegunean ohiko udalbatzarra egin zuen Aiako Udalak eta, besteak beste, datorren urterako Ordenantza Fiskalei hasierako onespena eman zien, aho batez eman ere. Zergak izoztea eta tasen arloan igerilekukoak bakarrik igotzea adostu zuten EAJk eta EH Bilduk udalean dituzten ordezkariek. Horrek esan nahi du, urte berriarekin herritarrek gehiago ordaindu beharko dutela igerilekua erabiltzeko. Hain zuzen ere, hamar euro garestituko dira bonuak, eta euro bat gehiago balioko du eguneko sarrerak. Horrela, 4 eta 17 urte artekoentzako bonuaren prezioa 15 eurotik 25 eurora igoko, eta 18 urtetik gorakoentzako bonuarena, 30 eurotik 40 eurora.