Aiako Udalak herriko landa-lurren mugak zehazteko, eguneratzeko eta digitalizatzeko lanak abiatuko ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Izan ere, azaldu dute "lursailen titularren bataz besteko adina altua dela, eta adinekoek oroimena galdu baino lehen" garrantzitsua dela mugak zehazteko lan horiek egitea, etorkizunean nahasmenik egon ez dadin. Hori dela eta, landa-lurren mugak eta mugarriak GPS koordinatuekin zehaztuko dituzte.
Lanak 3-4 urtetan egitea aurreikusi dute, eta lehen zatian 1. eta 11. eremuetako landa lursailen mugaketa egingo dute. Guztira, 461 partzela, 1364 hektarea eta 244 jabetza biltzen dituzte eremu horiek. Lanak Geograma enpresak egingo ditu 12 hilabetetan zehar, eta asmoa da lehen fasean, lur-jabeekin bilerak egitea proiektuaren inguruko azalpenak emateko.
Lehen bilera, urriaren 27an, ostegunarekin, egingo dute, 12:00etan Aiako Kultur Etxean, eta bigarrena, berriz, egun berean, 18:00etan, Lardizabal Eskolako soinketa gelan. Aiako Udaletik gogoratu dute lur-jabeen parte-hartzea ezinbestekoa izango dela, proiektua egin ahal izateko.