Euskaraldiko mural margoketa ostiralera atzeratu dute

Aitziber Arzallus 2022ko urr. 11a, 16:00

Kultur Etxean, Iturriozena tabernan, Kooperatiban eta Lardizabal Eskolan Euskaraldiko kutxa bana jarri dute. (Euskaraldia)

Berez bihar ziren murala margotzekoak, baina azkenean, ostiralean egitea erabaki dute. 16:00ak aldera hasiko dira, umeek ere parte har dezaten eskolatik ateratzen direnean. Nahi duenak Euskaraldian izena emateko aukera ere izango du han bertan.

Bihar, urriak 12, Euskaraldiko murala margotzekoak ziren Aian, frontoiaren atzealdeko horman, baina jarduera ostiralera atzeratzea erabaki dute. Ekimenean ahalik eta herritar gehienek parte hartzea nahi dute; horregatik, 16:00ak aldera ekingo diote jarduerari, umeek ere parte har dezaten eskolatik ateratzen direnean.  

Aiarrek gustukoen dituzten euskarazko hitzekin, esamoldeekin eta atsotitzekin osatuko dute murala, eta, horretarako, bilketa lana egiten jardun dira azken asteetan. Kultur etxean, Iturriozena tabernan, Kooperatiban eta Lardizabal eskolan kutxa bana jarri zuten herritarrek berain proposamenak uzteko.

Aiako Euskaraldiko Batzordeak jakinarazi duenez, ostiral arratsaldean, horma irudia margotzeaz gainera, Euskaraldian izena emateko aukera izango dute herritarrek.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide