Aiako San Donato eta San Lorentzo jaietako joan-etorriak errazteko gaueko autobus zerbitzua eskaini du aurten ere Lurraldebusek. Aldundiaren arabera, larunbatetik iganderako goizaldean zerbitzu hori erabili nahi zuen jende asko zegoen eta konpainiak Ertzaintzari deitu zion segurtasuna bermatu zezan.
Aldundiak bere webgunean argitaratu duen oharrean jasotzen denez, Aiako autobus geltoki inguruan zeuden pertsona batzuk ertzainei eta Lurraldebuseko ibilgailuei objektuak jaurtikitzen hasi ziren. Egoera ikusita, eta "beharrezko segurtasun-baldintzak" betetzen ez zirela ondorioztatu ondoren, goizaldeko 4:25eko zerbitzua bertan behera uztea erabaki zuten. Hurrengoa zerbitzua 5:40ean izan zen, eta bere zeregina bete ahal izan zuela dio aldundiak, nahiz eta dioen "erabiltzaile batzuengandik zenbait gorabehera isolatu jasan".
Hori dela eta, aldundiko Mugikortasun departamentuak “Lurraldebuseko zerbitzuarekiko eta langileekiko gizalegeari eta errespetuari eustearen” garrantzia azpimarratu du. "Ez dago aisialdirako eskubiderik mugitzeko dugun funtsezko eskubidea bermatzen dutenen lan-eskubidea errespetatu gabe”, dio aldundiak plazaratutako oharrak.