Scape room jokoan oinarritutako Scape street bertsioan jolastu dira haurrak ostiral honetan, aire librean. Bertan landutako edukiak “azaleko minbiziaren prebentziorako aholkuak” dira, Laura Mongelos begiraleak azaldu duenez. Haur zein begiraleak gustora ibili dira Aiako frontoian jolasean.
Hiru jolas egin dituzte edukiak barneratzeko. Lokotsen jokoan, adibidez, kremak edota ur botilak erabili dituzte. “Umeek eguzkiarekiko prebentzio neurriak ikasteko elementu errealak, finean”, dio Ane Balenciaga begiraleak.
Ikasturtean zehar eskoletan elikadura eta jarduera fisikoa lantzeko tailerrak eskaintzen dituzte Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartekoek. Horrez gain, badute helduei bideratutako jarduerarik ere, hala nola, tabakoaren ingurukoak.