Asteburu honetan emango zaio hasiera Gipuzkoako Herriarteko Txapelketari, eta Aiak gomazko paletako modalitatean parte hartuko du. Gaur jokatuko dute aiarrek final zortzirenetako joaneko norgehiagoka, 20:00etan, herriko frontoian Errenteriaren aurka.
Jardunaldiak hiru partida izango ditu: batetik, banakakoa frontoi osoan, bestetik, binakakoa, eta azkenik, banakakoa 7 bitartean. 20 tantotara jokatuko dituzte partida denak. Itzulerako jardunaldia, berriz, datorren asteburuan izango da Errenterian. Aiako taldea Aimar Aranberri, Iban Aldalur, Iker Lizaso, Xabi Azpiazu eta Garikoitz Zubillagak osatuko dute.
Bestetik, larunbat arratsaldean, 16:00etan hasita, Palako Eskolarteko Txapelketako bi final izango dira Aiako frontoian. Lehen partidan, alebinak arituko dira pilotan. Intza Iturain eta Kimetz Atorrasagastik osatutako bikoteak Altzoko pilotariak izango ditu aurkari. Bigarren partida, berriz, infantil mailakoa izango da, eta Altzo Lizardi-Igeldoren aurka arituko da.