Igandean eguna giro ederrean pasatzeko aukera izango da Aian, udalak eta Getariako Txakolina jatorri deiturak antolatuta, XVIII. Txakolin Eguna ospatuko baitute.
11:30etik 14:00etara, Getariako txakolina dastatzeko aukera izango da herriko plazan. Hamar upategik parte hartuko dute —Aizpurua, Ameztoi, Arbela, Arregi, Basa-Lore, Hiruzta, K5, Katxiña, Talai Berri eta Zudugarai— eta 600 bat txakolin botila eskainiko dituzte dastatzeko, kopa lau euro ordainduta. Horrekin batera, Euskal Herriko burduntzian erretako behi okelaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Zizurkilgo Joxean harategia eta Villabonako Musturinea harategia izango dira pintxoak prestatzen lagunduko dutenak. 1,5 euro balioko du pintxoak.
Behin dastaketak bukatuta, 14:00etan, Jai Batzordearen txozna zabalduko dute. Eta bukatzeko, 18:00etatik 21:00etara, erromeria izango da Izer eta Alabier trikitilariekin.