Oraindik eman daiteke izena Aiako XI. Mendi Lasterketan

Aitziber Arzallus 2022ko ots. 22a, 14:41

Martxoaren 6an izango da aurtengo proba, eta bi egun lehenago edo 400 parte hartzailera iritsitakoan itxiko dute izen-ematea. Gaur-gaurkoz, 308 lagun daude izena emanda.

Bi aste baino gutxiago falta dira martxoaren 6an —igandea— egingo duten Aiako XI. Mendi Lasterketarako, eta oraindik ere bada izena emateko aukera, Kirolprobak.eus atarian, hemezortzi euro ordainduta. Lasterketa baino bi egun lehenago itxiko dute izen-ematea, aurrez ez bada gehienezko parte hartzaile kopurura iristen. 400 lagunentzat lekua egongo da, eta gaur-gaurkoz, 308 daude izena emanda.

Internet bidezko izen-ematea itxi ostean lekurik geldituko balitz, probaren egunean bertan ere emango dute horretarako aukera, baina 25 euro ordaindu beharko dira orduan. Trukean, lasterketa lehiatzeko aukera ez ezik, Aiako produktuen sorta bana jasoko dute parte hartzaileek, eta hamaiketako beroa egiteko aukera ere izango dute. 16 urte beteta izatea da proban parte hartzeko bete beharreko baldintza bakarra.

Ohi bezala, parte hartzaileak 10:30ean abiatuko dira Aiako plazatik, eta Pagoetako natur parkean barrena hamabost kilometroko ibilbidea korrika egin beharko dute, gehienez ere bi ordu eta laurdeneko denbora tartean.

Onenentzat sariak zeintzuk izango diren ere aurreratu dute antolatzaileek. Gizonezkoetan zein emakumezkoetan, lehenengo postuan bukatzen duenak 200 euro jaso ditu dirutan; bigarren egiten duenak, 150 euro; eta hirugarrenak, 100 euro. Horiez gain, orain arteko marka hautsi eta berria jartzea lortzen duenari, beste 100 euro emango dizkiote. Gizonekoetan, 1:04:35 da orain arte sekula egin duten denborarik onena, eta emakumezkoetan, 1:14:23.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide