Aldaketak izan dira Arizterrazuko plaza aski ezagunean egiten diren erromeriak antolatzen dituen Andatza elkartearen lantaldean. Izan ere, elkartearen sorreratik, 1996tik, taldeko kide izan diren Joxe Alkainek eta Martxel Ansak karguak utzi dituzte, eta haien lekukoa beste hainbat lagunek hartu dute. Juan Mari Azkue da elkarteko lehendakaria sorreraz geroztik, eta kargu horretan segituko du datozen urteetan ere. Dena den, harekin batera ariko dira lanean Irune Elizagoien (lehendakariordea), Ibon Errazu (idazkaria), Itsaso Elizagoien (diruzaina) eta Iosu Arrizabalaga Izer (bokala) kide berriak.
Elkarteak adierazi duenez, orain arte egindako bidearen “garrantziaz” jabetuta, etorkizunean ere erromeriak “indartsu” jarrai dezan egingo du lan talde berriak. Pandemia tarteko, hilabeteak dira Andatza auzoan erromeriarik egiterik izan ez dutela, baina egoera “hobetzean” berriz ere ekiteko asmoa duela jakinarazi du taldeak. “Erromeria zaleek, dantzariek eta musikariek hain gogokoa duten txokoa laster hartuko dute berriro soinu txiki eta pandero hotsek, eta indarberrituta ekin nahi zaio denboraldi berriari”.