Ordenagailua erabiltzen ikasi nahi duten 50 urtetik gorako herritarrentzat ikastaroa antolatu dute Aiako Udalak eta KZguneak. Parte hartzen dutenek informatikako oinarrizko ezagutzak bereganatu ahal izango dituzte; besteak beste, ordenagailua pizten eta itzaltzen, posta elektronikoz mezuak bidaltzen eta jasotzen eta Interneten ibiltzen ikasiko dute.
Urtarrilaren 17an hasi eta 28an bukatuko da ikastaroa, eta saioak aurrez aurrekoak izango dira, Aiako Kultur Etxeko KZgunean. Horietan parte hartu nahi dutenek, abenduaren 17a baino lehen eman beharko dute izena Kultur Etxean bertan edo 943-13 09 24 telefono zenbakira deituta. Eskolen inguruko informazio gehiago behar dutenek ere bi bide horiek erabil ditzakete.