Nahia eta Garazi Eizmendi nagusi, Gipuzkoako bigarren mailako txapelketaren finalean

Aitziber Arzallus 2021ko aza. 30a, 12:31

Aiako ahizpek erraz menderatu dituzte Ataungo Amaia Lopez eta Naiara Aldasoro Hernanin jokatu duten finalean; 30 eta 14 bukatu dute partida.

Asteburuan gomazko paletako Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketako hainbat final jokatu dituzte, eta emakumezkoen bigarren mailakoan, Nahia eta Garazi Eizmendik jantzi dute txapela. Aiako ahizpek Ataungo Amaia Lopez eta Naiara Aldasoro izan zituzten aurrez aurre igande arratsaldean Hernanin jokatu zuten partidan, eta aiarrek nagusitasunez irabazi zuten finala, arerioak 30 eta 14 mendean hartuta.  

Markagailuari begiratuta, pentsa liteke Eizmendi ahizpek aise irabazi zutela finala, eta halaxe izan zela baieztatu du Garazik. "Partidaren lehen erdian erraz aritu ginen, eta dezenteko aldea atera genien. Bigarren erdia orekatuagoa izan zen arren, geneukan aldeari eustea lortu genuen, eta guretzat izan zen txapela".

Aiarren garaipenak inor ez zuen harritu, txapelketa guztian izan baitira nagusi. Finalera ere zuzen-zuzenean sailkatu ziren, ligaxkan jokatutako partida guztiak irabazita. "Horrek konfiantza handia eman zigun eta oso seguru joan ginen finalera, bagenekiela irabazteko aukerak geneuzkala". Gainera, kontrarioak ezagunak zituzten, ligaxkan ere jokatu baitzuten elkarren kontra.

Txapela etxera ekarrita, "oso gustura" daudela esan du Garazik. Gainera, txapelketa batean elkarrekin parte hartu duten lehen aldia izan da oraingoa. "Partida solteak jokatu izan ditugu, baina txapelketarik sekula ez". Emaitza ikusita, ordea, ziurrenik ez da izango azken aldia. Otsail-martxo aldera hasiko den Euskal Herriko irekian parte hartzeko intentzioa badutela aurreratu du. Eta ez hori bakarrik; datorren urtean koska bat gora egiteko asmoa badutela ere bai. "Mutiletan, txapelketa irabazten dutenak mailaz igotzen dira; nesketan, aldiz, geuk aukeratzen dugu zein mailatan izena eman nahi dugun. Aurten bigarren mailan apuntatu ginen, aspaldian gutxi ibilita geundelako eta lehendabiziko maila urruti gelditzen zitzaigula uste genuelako. Behin bigarrena irabazita, pentsatzen dut datorren urtean lehendabiziko mailan izena emango dugula".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide