Jendetza elkartu da Aiako ganaduen enkantean

Aitziber Arzallus - Julen Imaz 2021ko urr. 24a, 16:00

Hamabosgarren enkantea izan da gaurkoa eta Euskal Herri guztitik eta Espainiako hainbat lekutatik etorritako ganaduzaleek parte hartu dute. Hurrengo enkantea urtarrilaren 23an egingo dute.

Arraza Anitzeko Ganaduen XV. Enkantea egin dute gaur goizean Aiako Ibarrola Goikoa baserrian dagoen Testaje Zentroan, eta jendetza bertaratu da; harmailak leporaino beteta, izan da saioa zutik ikusi behar izan duenik. Euskal Herriko ganaduzaleak ziren haietako asko, eta Espainiako hainbat tokitatik etorritakoak beste asko; hala nola, Kantabriatik, Soriatik, Madrildik eta abar.

Haragitarako idisko ugaltzaileen lau arraza ater dituzte enkantera: Limusin, Blonda, Txarolesa eta Pirenaikoa. RJ eta RP ugaltzaileen artean, berriz, Limusin arraza atera dute. Hurrengo enkantea urtarrilaren 23an egingo dute.

Hobekuntza genetikorako zezenak aukeratzen dituzte Aiako Testatze Zentroan. Baserritarrei berme sanitarioa eta genetikoa emateko jarduten dute lanean, eta esparru horretan estatu mailan erreferentziazko gune izateko anbizioz sortu zuten gunea 1995ean.

Proiektua gauzatu ahal izateko, Gipuzkoako Foru Aldundiak ELIFE Euskadiko Limusina Federazioari utzi zion Aiako Laurgain auzoko Ibarrola Goikoa ustiategiaren zati bat. Azken urteotan eraikin berriak egin dituzte han, arraza guztietako haragi idisko testatzeak egiteko. Hain zuzen ere, haragi sektorea hobetzeko balio duten idiskoak lortzeko moldatu zuten lekua.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide