Joseba Iraolarena zen orain arteko Andatzatik Aiara Igoeran lortutako denborarik onena, iaz eginiko 1:44:827koarekin, eta beste urtebetez behintzat hala izaten jarraituko du, baina marka berria ezarri eta gero: 01:42.511. Antolatzaileen esanetan, bera zen aurtengo lehiaketa irabazteko faborito nagusia, eta aurreikuspenek ez zuten hutsik egin.
Iraolak ez zuen aurkaririk izan errepidean, jarleku bateko ibilgailuen mailan, eta bere atzetik geratuko zirenak hamabost segundora utzi zituen. Lehia borrokatuagoa izan zen podium osatzeko bidean. Azkenean, bigarren postua Aitor Mansorentzat izan zen, eta hirugarren postua Arkaitz Ordokirentzat, biek ala biek 01:57ko denborarekin. Denbora bera eginagatik, ehunekoek erabaki zuten bakoitzaren sailkapena.
Beñat Poblacionek ere garaipena erdietsi zuen, bikoen kategorian irabazita; sailkapen orokorrean, gainera, laugarren bukatu zuen bigarrenarengandik eta hirugarrenarengandik segundo bakar batera. Bruno Scherer sailkatu zen bigarren kategoria horretan, eta Javi Elortegi hirugarren.
Euri pixka bat egin bazuen ere,motorzale dezente elkartu zen lasterketako puntu desberdinetan hitzorduaz gozatzera, eta antolatzaileak ere pozik agertu ziren txapelketak izandako harrerarekin.