Izurriteak oraindik ere halakorik ahalbidetzen ez duenez, ez da San Lorentzo festarik izango aurten ere Aian. Dena den, herriko jaieguna da egun hori, abuztuaren 10a eta, beraz, itxita egongo dira bihar udal bulegoak.
Festarako ekitaldien faltan, bestelako hainbat alternatiba izango dira gaur eta datozen egunetan. Gaur, esaterako, haurrentzako Musikarium emanaldiaz gozatzeko beta izango da 19:30ean. Bihar, herri kirol txapelketa izango da 18:00etan, eta etzi, Potx eta Lotx pailazoek emanaldia eskainiko dute, 19:30ean.
Hiru hitzorduetarako sarrerek bi euro balioko dute, eta aurrez hartu beharko dira Aiako udalera deituta (943-13 11 44) edo harrera@aia.eus helbidera idatzita. Biltzen duten dirua Maydayterraneo proiektuarentzat eta Aita Mari erreskate ontziarentzat izango dela jakitera eman du udalak.