Aiako Udalak jakinarazi duenez, abuztuan aldatu egingo da hondakin handiak biltzeko asteroko hitzordua. Abuztuaren 3tik aurrera, astelehenetan beharrean, astearteetan jasoko dira hondakin mota horiek; alegia, "etxebizitza berritzearen edo aldatzearen ondorioz herritarrek baztertzen dituzten altzari eta ekipamenduak". Besteak beste, etxeko altzariak, koltxoiak, etxeko tresna elektrikoak eta "erabili ezin diren bestelako trasteak" jarri ditu adibide zehatz modura Urola Kostako Udal Elkarteak.
Hortaz, orain arte igande gauetan egin bada ere, hemendik aurrera astelehen gauetan utzi beharko dira hondakin handiak edukiontzien inguruan. Ordutegia, baina, mantendu egingo dute: 20:00etatik 22:00etara bitartean izango dute horretarako aukera aiarrek.
Eskualdeko hiru garbiguneak ere izango dira martxan, dena den. Astelehenetik ostiralera, 08:30etik 13:30era bitartean eraman daitezke hondakin handiak; larunbatetan, aldiz, 10:00etatik 12:30era egoten dira irekita garbiguneak.