Andatza auzoan traktorea irauli eta bi pertsona zauritu dira

Onintza Lete Arrieta 2021ko uzt. 23a, 09:36

Lan istripua atzo iluntzean gertatu zen, eta zaurituak anbulantzia banatan eraman zituzten ospitalera. 38 eta 35 urteko bi gizonezko dira, Ertzaintzak emandako informazioaren arabera.

Orain egun gutxi Getarian gertatu bezala, atzo Aiako Andatza auzoan izan zuten traktorearekin lanean ari zirenean istripua 38 eta 35 urteko bi gizonezkok. Ertzaintzak 21:30ak inguruan jaso zuen deia, eta ezbeharraren lekura hurbildu ziren ertzainak, suhiltzaileak eta bi anbulantzia.

Zaurituta zeuden bi gizonak, eta anbulantzia banatan eraman zituzten ospitalera. Ertzaintzak emandako informazioaren arabera, zaurien larritasun maila desberdina zuten, baina ezin dute zehaztu haien egoera medikoa zein den.

Aiako bizilagun batek hedabide honi esan dionez, behe lainoa zegoen atzo iluntzean istripua izan zenean, eta traktorea maldan behera joan zen, errekaraino. Dena den, Ertzaintzak ez dauka halako informaziorik, eta ez du baieztatu datu hori.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide