Gipuzkoako Binakako Aizkora Txapelketa jokatuko da Aian igandean

Iñigo Gaiton 2021ko eka. 25a, 10:01

Aizkolarien eskaerari erantzunez, estreinako aldiz antolatu du txapelketa Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak

Igande honetan, hitzordu garrantzitsua izango dute Aiako probalekuan herri kirol zaleek. 12:00etatik aurrera, Gipuzkoako Binakako Aizkora Txapelketa jokatuko da. Punta-puntako sei kirolarik jardungo dute lehian, eta horien artean hiru eskualdekoak izango dira: Julen Alberdi azkoitiarra (Jesus Maria Mujikarekin bikote), Mikel Larrañaga azpeitiarra (Iñaki Azurmendirekin bikote) eta Eneko Otaño beizamarra (Ugaitz Mugerzarekin bikote), hain zuzen ere.  Bikote bakoitzak sei kana erdiko eta sei hirurogei ontzako moztu beharko ditu. 

Txapelketaren lehen edizioa izango da Aian igandean egingo dena. Hala azaldu du Ainhoa Etxabe Gipuzkoako Herri Kirol Federazioko presidenteak: «Udazkenean hasi ginen lanean zuzendaritza berriko kideak, eta kirolariekin bilerak egin genituen, federazioan egon zitezkeen gabezien gaineko iruzkinak eta proposamenak  haien ahotik jasotzeko. Hala iritsi zitzaigun lehiaketa hau antolatzeko eskaera, eta aurrera egitea erabaki genuen», azaldu du. 

Aiako Udalaren babesarekin antolatu dute hitzordua: «Aiak herri kirolen aldeko apostua egin du datozen hilabeteei begira, eta eskertzekoa da kirol probak hartzeko erakutsi duten prestutasuna».
Publikoa ere probalekuan

Azken hilabeteetan, kirol proba gehienetan ez da publikorik izan, osasun krisiak hala behartuta. Igandean, ordea, aizkolariek ondoan izango dituzte zaleak. «300 lagun ingururentzako tokia egongo da probalekuan, dena ondo bidean bada», azaldu du presidenteak pozarren. 

Bere hitzetan, publikoaren presentziarekin zentzu beteagoa hartzen du herri kirol proba batek. «Ikuslerik gabeko txapelketa bat ikusi nuen duela hilabete batzuk, eta oso tristea egin zitzaidan. Pena ere sentitu nuen isilik, jendearen animo eta berotasunik gabe jardun zuten kirolariengatik». 

Ekonomikoki ere eragin handia du zaleak plazan (probalekuan, kasu honetan) izateak: «Segan, adibidez, sarrera kobratzea izaten da antolaketaren gastuak ordaindu eta kito egiteko modu bakarra. Beste modalitateetan, aizkoran kasu, udalek jartzen duten diruaren arabera kalkulua egiten da, sarrera kobratu edo ez adosteko», eman du jakitera Etxabek. 

Udan agenda zabala
Neurri murriztaileak arintzen ari direla aprobetxatuz, udan zehar Gipuzkoako federazioak antolatutako txapelketak egingo dira ia astebururo, modalitate desberdinetan.  «Gure esku egon dena ahalik eta azkarren ixten saiatu gara, kirolariei data zehatzak eman eta prestaketa hobeto bideratzeko aukera izan dezaten», bukatu du presidenteak. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide