Aiako Gozategi Plazako segurtasuna hobetzeko neurriak hartu ditu Aiako Udalak, autoen joan-etorria mugatuz. Alde batetik, zamalanetarako eremu bat sortu dute, autoak denbora-tarte laburrean bertan aparka dezaten. Bestetik, aparkatu ezin diren espazioak mugatu dituzte eta mugikortasun arazoak dituzten pertsonek aparkatzeko eremu bereziak zehaztu.
Aiako alkate Nekane Arrizabalagak sare sozialen bidez jakinarazi duenez, herritarren egunerokoan "eragin positiboa" izango dutela neurri berriek, hainbat arrazoigatik: "ongizatean eta segurtasunean irabaziko dugulako; bertako ostatuetan salerosketak egiteko autoen errotazioa bultzatuko duelako, eta mugikortasun arazoak dituzten herritarrek plazan bertan aparkatzeko aukera izango dute dutelako eurentzat erreserbatutako eremu batean". Hala, neurriek herriko mugikortasuna "hobetuko" dutela iritzi dio alkateak.