Atzo goizean aterkiak aspaldiko partez zabaldu zituzten herritarrek, eta badirudi datozen egunetan ere euria egingo duela. Horren zain daude baserritarrak, bai behintzat abereekin lan egiten dutenak, larreentzat garrantzitsua delako euria botatzea.
Hala azaldu dio KARKARAri Aiako Agerre Buru Gaztak enpresako arduradun batek. "Belarra egoteko inportantea da orain euria egitea. Orain larrea ez bada ondo bustitzen, gero belar gutxiago egongo da". Lehortearen kontrako erremediorik ez dute, ordea. "Zeruari begira gaude", esan du umoretsu.
Gaztagileari "arraroa" egin zaio urteko sasoi honetan horren euri gutxi botatzea, "ez da normala", baina badu itxaropena aurrerago egingo duela behar adina. "Badaki maiatzean eta baita ekainean ere gogotik botatzen", azaldu du. Ez du kontatu zenbat egun pasa diren lurra busti gabe, "baina pila bat izan dira".
Txanponaren beste aldean, berriz, tenperatura dago. Bero egin du, eta hori ona da gaztatarako ardiak dituztenentzat, "beroarekin askoz esne gehiago ematen dutelako".
Urtegia behintzat beteta
Bada beste datu lasaigarri bat ere: inguruko urtegiak, behintzat, bete-bete daude oraingoz.
Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren webgunean dauden datuen arabera, Ibai Eder urtegia, Azpeitiko Nuarben dagoena, %97,62an dago beteta. Antzeko mailetan daude beste bost urtegi ere, eta maila baxuena duena, Lareo, %76,82an dago. Dena den, urtegi hori antzeko mailetan ibili da aurreko urteetan ere.