Urteko kultur agenda aurkeztu dute Aian

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2021ko ots. 11a, 15:38

Urteko kultur agenda aurkeztu dute gaur eguerdian Aiako probalekuan. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Aiako alkate Nekane Arrizabalagak nabarmendu du saiatu direla urtean zehar kultur ekitaldi sorta «zabala eta orekatua» eskaintzen.

Aiako Udalak urte guztiko kultur agenda aurkeztu du gaur eguerdian Aiako probalekuan, eta agerraldian parte hartu dute Aiako alkate Nekane Arrizabalagak, baita Mikel eta Esti Markez eta Iker Lauroba musikariek ere. Aurten berrikuntza gisa, urte osoko agenda urtearen hasieran aurkeztea erabaki du udalak. Iaz ere kultur emanaldiak antolatu zituzten herrian, besteak beste, Aiako probalekuko oholtza gainera igo ziren Kalakan, Mikel Markez, Julen Alonso eta Oinkari, Buhameak eta Carlos Nuñez. Dena dela, banan-banan eman zuten ekitaldi horien berri, eta aurtengoan ekintza sorta osoa aurkeztu nahi izan dute urtearen hasieran.
Nekane Arrizabalagak azaldu duenez, 2021erako antolatu dituzteb kontzertu eta emanaldi guztiak probalekuan izango dira. "2017an, probalekua erabilera anitzeko gunea bihurtzeko lanak abiatu genituen, hala nola, jarri genituen zoru, argiteria eta ate berriak eta espazioa isolatu genuen akustikoki. Aurten, bestalde, berogailu sistema berria jarriko dugu. Izan ere, kultur eskaintza oparoa antolatzea dugu helburu Aian, eta horretarako beharrezkoa da azpiegitura aproposa izatea", adierazi du Arrizabalaga. 
Gainera, azpimarratu du kulturak "berebiziko garrantzia" duela, "herritarrak batzen eta bizitza soziala sustatzen" duelako herrian. "Saiatu gara kultur eskaintza zabal eta orekatua eskaintzen, herria bizirik eusteko eta aiarrek eta bisitariek Aiaz gozatu ahal izateko, kultur eskaintzak bisitariak erakar baititzake Aiara, herrian mugimendua sortuz eta bertako ehun ekonomikoa sustatuz".
2021eko kultur agendako lehen emanaldia Izarok eskainiko du otsailaren 20an, 19:00etan hasita, eta ondoren, apirilaren 10ean, Iker Lauroba eta Beste Urtaroak taldea igoko da probalekuko oholtzara. Hain zuzen ere, aurkezpenean izan da Iker Lauroba eta Aian kontzertua eskaintzeko "gogotsu" daudela azaldu du: "Bizi ditugun garaiotan ez da batere erraza kontzertuak izatea, beraz, indar handiarekin etorriko gara Aiara, gure onena emateko prest".

Udalak antolatu dituen emanaldietarako sarrerak eros daitezke kultur etxean edo internet bidez, musikaze.com webgunean. Bestalde, agerraldian zehaztu dute emanaldien ordutegiak eta aforoa unean uneko osasun arloko jarraibideak kontuan hartuta erabakiko dituela Aiako Udalak.

Markeztarrak etxean
Esti eta Mikel Markez aita-alabak ere aurkezpen ekitaldian izan ziren, eta nabarmendu zuten eurentzat plazera izango dela azaroan Aian kontzertua eskaintzea. «Artistontzat beti da berezia nor bere herriak kontzertua ematea, eta oraingo honetan gainera, nire aita izango dut ondoan, horregatik are eta bereziagoa izango da» azaldu zuen Esti Markez aiarrak. 
Mikel Markezek, bestalde, aitortu zuen 20 urtetan zehar bizi izan dela herrian, eta bere herria sentitzen duela. «Gainera, esan behar dut ezinezkoa zirudiena gertatu dela dema-plazarekin. Lehen probalekuan kontzertuak antolatzen zirenean beti arazoak izaten ziren soinuarekin eta azpiegiturarekin, baina lan izugarria egin da eta lortu da oso areto egokia sortzea; kiroldegi askok baino akustika hobea du gaur egun. Aretoko argazkiak itzali eta fokuak pizten direnean, dema-plaza bat dela ahaztu egiten da». 

AIAKO URTEKO KULTUR AGENDA
- Otsailak 20. Izaroren kontzertua.
- Apirilak 10. Iker Lauroba eta Beste Urtaroak taldearen kontzertua.
- Maiatzak 1. Xabi Solano eta Kimu Dantza Kolektiboaren emanaldia.
- Ekainak 5. Amak taldearen kontzertua.
- Uztailak 3. Losers antzezlana Jon Plazarola eta Aitziber Garmendiaren eskutik.
- Irailak 18. Kukai Dantza Taldearen emanaldia.
- Azaroak 20. Esti eta Mikel Markezen kontzertua.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide