Aiako Udalak bertan behera utzi ditu auzotarrekin egitekoa zen bilerak

Onintza Lete Arrieta 2021ko urt. 24a, 10:51

Laurgain

COVID-19ari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri berrien aurrean hartu du erabakia udalak, eta Nekane Arrizabalaga alkateak esan du egoerak utzi bezain pronto jarraituko dutela auzotarrekin biltzen. Aurreko astea "oso emankorra" izan dela ere nabarmendu du.

2021eko udal aurrekontuak lantzen ari da herritar eta auzotarrekin Aiako Udala aurten ere. Nekane Arrizabalaga alkateak ohar bidez azaldu du aurreko astea "oso emankorra" izan dela: "Santio, Andatza, Elkano eta Urdaneta auzoetako bizilagunekin batu gara eta benetan eskertzekoa izan da herritarren parte-hartzea. Ekarpen eta iradokizun oso interesgarriak jarri dira mahai gainean, eta kontuan izango ditugu 2021eko aurrekontua osatzean". 

Dena den, bihartik aurrera egitekoak ziren bilerak bertan behera utzi behar izan dituzte. Irutaegi eta Etxeta bailarako eta Laurgaingo auzoko herritarrekin biltzekoak ziren Kultur Etxean, baina Eusko Jaurlaritzak COVID-19ari aurre egiteko ezarritako neurri berrien aurrean, ezingo dira bilera horiek egin. "Egoerak ahalbidetu bezain pronto aiarrekin batzen jarraituko dugu", azpimarratu nahi izan du alkateak. 

Bihartik aurrera, izan ere, ezingo dira lau pertsona baino gehiago elkartu ez eremu pribatuan, ez publikoan. Hauek dira kontuan hartu beharreko neurri nagusienak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide