Sabino Aiestaran EHU-ko katedraduna hil da

Ritxi Uzkudun 2020ko abe. 30a, 09:22

EHUko webgunea

Datorren igandean, hilaren 3an, meza ospakizuna egingo da Aiestaranen alde 10:30ean Aiako parrokian.

Sabino Aiestaran Etxeberria hil da astelehen honetan, Donostian 84 zituela. Lokate baserrian jaio zen 1936an, eta hamaika urterekin Arantzazura joan zen; urte batzuren buruan fraide frantziskotar egin eta apaiztu zen.

Karrera akademikoari dagokienez, Filosofia eta Teologiaz gain, Psikologian lizentziatu zen Lovainako Unibertsitatean (Belgika) 1965ean, Psikologian doktoratu zen Salamancako Unibertsitatean 1980an, eta Psikologia irakasten aritu zen Donostiako Gizarte Laneko Eskolan (1972-1975), Salamancako Unibertsitate Pontifizioan (1976-1980) eta Euskal Herriko Unibertsitatean (1981etik aurrera), Gizarte Psikologiako katedradun gisa.

Bere jarduera profesionalean, taldeen dinamikan, taldeen psikoterapian eta lantaldeen prestakuntzan aritu zen. Gizarte Teknologia Sustatzeko Elkartearen (2003) sustatzaileetako bat izan zen. 1997az geroztik, aktiboki lagundu zuen Kalitate Katedraren jardueretan, eta irakasle-sareko kide izan zen sortu zenetik, ekipoen bideratzaile gisa. Azken urteotan, Innobasque eta Novia Salcedo fundazioarekin berrikuntza taldeak eratzen aritu da. APTES Gizarte Teknologia Sustatzeko Elkarteko bazkide-sortzailea ere izan zen, eta 1990eko hamarkadan ELKARRI elkarrizketaren eta akordioaren aldeko gizarte mugimenduaren kolaboratzaile ere bai.

Datorren igandean, hilaren 3an, meza ospakizuna egingo da Sabino Aiestaranen alde 10:30ean Aiako parrokian.

Karkaran 2002ko ekainean egindako elkarrizketa:

https://ukt.tok-md.com/pdf/129.pdf

2016ko Donostiako Elizbarrutiak antolatutako jardunaldietan eman zuen hitzaldiaren bideoa. PERTSONA eta EGIA

https://www.youtube.com/watch?v=U7nI1YBEHRs

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide