Ertzaintzak jakinarazi du atzo agenteek auto bat geldiarazi zutela GI-2631 errepidean, Aiako lurretan, Covidaren aurkako prebentziozko kontrol batean. Antza denez, ertzainek marihuana usain handia sumatu zuten autoan, eta ibilgailua miatzea erabaki zuten. "Marihuanaz betetako bost poltsa, guztira, kilo bat eta zortziehun gramo, ehizarako eskopeta bat eta munizioa atzeman zituzten", azaldu dute. Hori dela eta, gaztea atxilotu egin zuten droga-trafikoa eta armak baimenik gabe edukitzea egotzita. Urola Kostako ertzain-etxera eraman zuten beharrezko izapideak egiteko, eta gaur goizean zehar pasako da epailearen aurretik.