Kintopeko Idi Probek hartu dute Aiako probalekua beste urte batez. Asteburuan hasi zen norgehiagoka, eta hiru saio izan dira guztira; ostiralean, larunbatean eta atzo, astelehena. Zazpi idi pare aritu dira nor baino nor, eta atzoko lehian marka guztiak onduta, Aiako Izetako idiak gailendu dira. 58 plaza osatu zituzten; hala, txapela jantzi zuten Izetakoek.
Ostiralean, Markina-Xemeingo Ainhoa Iketzako eta Billetako Lopategiko idiek jardun zuten. 22 plaza egin zituzten aurrenekoek, eta bigarrengoek, 49. Larunbatean, aldiz, hiru parek jokatu zituzten probak: Lasarteko Telleriakoek, Errenteriako Matxaingoek, eta Billetako Laskikoek (txapelketatik kanpo). 41, 44 eta 28 plaza lortu zituzten, hurrenez hurren. Atzoko saioa egin arte, beraz, Lopategiko idiak ziren nagusi.
Atzo, baina, hirugarren eta azken norgehiagokak izan ziren probalekuan. Aiako Izetako idien, Bermeoko Benguriakoen eta Azkoitiako Isidro erretegikoen txanda izan zen. Jose Ramon Izeta eta Alegria aritu ziren itzain Izetako parearekin. 58 plaza osatuta, atzoko saioko zein sailkapen orokorreko irabazle izan zen Izeta. Atzetik jarraitu zioten Benguriako idiek, 56 plazarekin. Isidrokoek, aldiz, 47 plaza egin zituzten.
Beraz, ondorengoa izan da aurtengo Idi Probetako sailkapen orokorra:
- Aiako Izeta. 58 plaza
- Bermeoko Benguria. 56 plaza
- Billetako Lopategi. 49 plaza
- Azkoitiako Isidro erretegia. 47 plaza
- Errenteriako Matxain. 44 plaza
- Lasarteko Telleria. 41 plaza
- Markina-Xemeingo Ainhoa Iketza. 22 plaza
Omenaldia Iketzari
Bestalde, omenetarako tartea ere izan zen atzokoan. Ramon Ibarzabal Iketzaren ibilbideari aitortza egin zioten Aiako Idi Proba elkartekoek, eta oroigarria eman zioten. Urte luzez jardun du itzain modura Ibarzabalek.
Argazkiak: Ibon Errazu