Fan&Go taldeak erromeria eskainiko du gaur gauean Santio Erreka Auzoan

Karkara 2019ko uzt. 26a, 10:00

Asteartera bitarteko egitaraua osatu dute Santio Erreka Auzoan. Abiba disko festa eta bertso-afaria izango dira, besteak beste.

Adin guztietako auzotarrentzat eta ingurukoentzat egun guztiko egitaraua antolatu dute gaurko, Santa Ana Eguna, Santio Erreka jaietan. Goizean hasita 10:30ean meza izango da; ondoren, 12:00tan haurrentzako jolasak prestatu dituzte. Arratsaldean jarraituko dute txikienentzako jarduerek; 16:30ean puzgarriak izango dira. Gauean, berriz, Fan&Go erromeria taldeak kontzertua eskainiko du, 23:00etatik aurrera.

Bihar ere izango dira ospakizunak, arratsaldetik aurrera. 16:30ean urteroko mus txapelketa jokatuko dute auzokideek; izen-ematea, baina, aurretik izango da, 16:00etan. Ondoren, bertso saioa izango da Aitor Mendiluze, Jone Uria, Sustrai Colina eta Sebastian Lizaso bertsolarien eskutik, 22:00etan. Jarraian, Abiba disko festak girotuko du frontoi ingurua. Ondoren, festak jarraituko du txosna inguruan DJ Biraolarekin.

Festak ez dira, ordea, larunbatean amaituko. Asteartean, amaiera emateko, bertso-afaria izango da Portu Erretegian. Iker Zubeldia eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariak ariko dira kantuan; eta Ostolaza eta Lutxurdio, trikitilari modura.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide