Pasa den asteburuan hasi ziren sanpedroak Andatzan. 09:30ean bota zuten txupinazoa, eta haurrek goizetik izan zuten festez gozatzeko aukera, jolasak eta puzgarriak izan baitziren auzoan.
Larunbatean San Pedro eguna ospatu zuten auzokideek. Goizean meza nagusia egin zuten, eta eguerdian, herri kiroletan aritu ziren auzoko gazteak, trikitilariek lagunduta. Jarraian, bertso bazkaria izan zen, eta Iker Zubeldia eta Agin Laburu bertsolariek abestu zuten. Ordu berean, Aristerrazu jatetxean bazkaldu zuten adinduek. Gauean jarraitu zuen festak; Elizagoien Ahizpak eta DJ Pajarito arduratu ziren gaua girotzeaz. 05:30ean, aldiz, oilasko biltzea egin zuten zenbait auzokidek, ohiturari jarraituz.
Igandean ere izan zen zer ospatua; esaterako, pilota txapelketa, herri kirolak, sagardo eta pintxo dastaketa edota erromeria izan ziren auzoan. Datorren asteburuan ez du etenik izango festak: ostiralean mus saioa egingo dute, eta larunbatean, oilasko biltzeko afaria.
Argazkiak: Utzitakoak