Udalekuak, uztailaren 1etik 26ra
3-11 urte bitarteko haurrei zuzendutako udaleku irekiak antolatu ditu Aiako Udalak. Uztailean izango da, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara. Dena dela, zaintza zerbitzua jarriko dute 08:00etatik 10:00etara, gutxienez hamar laguneko taldea osatzen bada.
Aiako haurrek 60 euro ordainduko dituzte udaleku irekietan parte hartzeko, eta gainontzekoek 80 euro. Hala ere, familia bereko hiru kidek izena ematen badute, 3. haurrak erdia ordainduko du. Horrez gain, Aiako Udalak autobus zerbitzu berezia eskainiko du auzoetako haurrak udalekuetara joan daitezen. Zerbitzu horrek 20 euroko kostua izango du.
Kirol ikastaroak
- Igeriketa ikastaroa: uztailaren 1etik 26ra izango da, astelehenetik ostiralera, eta egun bakoitzean 45 minutuko saioa egingo dute. Lau urtetik gorako haurrei zuzenduta dago.
- Tenis ikastaroa: uztaileko lehen hamabostaldirako antolatu dute, eta hamar ordukoa izango da. Arratsaldetan eskainiko dute, eta ordubeteko saioa egingo dute egun bakoitzean. Ikastaro hau zazpi urtetik gorako haurrentzat izango da. -- Kirol ikastaroen prezioak
Tenisa 20 euro
Igeriketa 28 euro
Igeriketa eta tenisa 45 euro
Udaleku irekietan edo kirol ikastaroetan parte hartu nahi dutenek maiatzaren 31 bitartean eman dezakete izena Aiako Kultur Etxean.