Asentzio Feria izango da Aian igandean

Karkara 2019ko mai. 14a, 16:30

Igande honetarako egun osoko egitaraua prestatu dute Aian. Besteak beste, baserriko produktuen salmenta, animalien erakusketa, jatekoa eta edatekoa, herri kirol jaialdia eta erromeria izango dira.

Igande honetan, maiatzak 19, Asentzio Feria izango da Aian. Egun osoko egitaraua prestatu dute Aiako Udalak eta Aiako Idi Proba Elkarteak; besteak beste, baserriko produktuen salmenta, animali bitxien erakusketa, jatekoa eta edatekoa, herri kirol jaialdia eta erromeria izango dira.

Goizean eskola berriko aparkalekuan jarriko dute azoka, eta eguerdian, Aiako plazan izango da haragia, taloak, sagardoa eta txakolina dastatzeko aukera. Arratsaldean frontoian emango diote jarraipena egitarauari, herri kirolekin, eta gauean, Izer eta Alabierrek erromeria saioa eskainiko dute plazan.

Asentzio Feriako egitaraua

Goiza. Azoka eskola berriko aparkalekuan. Barazkiak, fruta, gazta, eztia, ogia, gozokiak, loreak, ardoa eta baserriko bestelako produktuen erakusketa eta salmenta izango da; eta baita baserri lanabesena eta artisautza produktuena ere. Bestalde, ganadu, ardi, hegazti eta bestelako animali bitxien erakusketa jarriko dute.

Eguerdia. Janaria eta edaria Aiako plazan. Txerri saiheskia eta untxia parrilan, taloak, sagardoa eta txakolina.

Arratsaldea. 18:00etan hasita, herri kirol jaialdia Aiako frontoian. Jarraian, harri-jasotze txapelketa egingo dute, bikoteka, eta Aiako bi bi harri bereziak altxatuko dituzte.

Gaua. Erromeria Aiako plazan. Izer eta Alabierrek eskainiko dute kontzertua.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide