Igandea izango da Iturraran Parketxean ikusgai dagoen Piriniotako Burdinaren Bidea erakusketaren eguna, eta erakusketa borobiltzeko Agorregiko Burdinola eta Errotetan zehar bisita berezia antolatu du Iturraran parketxeak, Mertxe Urteaga arkeologoaren eskutik.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare historiko, artistiko eta artxiboaren zerbitzuan lan egiten du Mertxe Urteagak, eta bisita gidatuan parte hartzen dutenek Gipuzkoako burdingintzaren nondik norakoak eta bitxikeriak ikasteko aukera paregabea izango dute. Izan ere, bisita gidatuan Agorregiko Burdinola eta Errotak martxan ikusteko parada ere izango da.
Igandean 11:30ean hasiko da bisita gidatua, eta 14:00etan bukatu. Agorregiko burdinolara eta errotara iristeko 20 minutu oinez ibili behar dute parte-hartzaileek, 100 desnibela duen ibilbidean zehar. Beraz, arropa eta oinetako egokiak jantzita eramateko gomendatu dute antolatzaileek.
Bisitaren deskribapena
- 11:30-12:40. Agorregiko Burdinola eta Errotak
- 12:40 - 13:00. Agorregitik Iturraran Parketxera oinezko bidea
- 13:00 - 14:00. Pirineotako Burdinaren Bidea erakusketan bisita gidatua