Aurizenea pasealekua berritu eta egokitu du Aiako Udalak

Karkara 2018ko urr. 9a, 13:22

Aiako Aurizenea pasealekua berrituta.

Zoru zaharra erretiratu eta berria jarri dute, eta pasealekuaren sarrerak ere egokitu dituzte.

Aiako Udalak Aurizenea pasealekuan lanak egin ditu udan zehar. Izan ere, Aiako alkate Nekane Arrizabalagak azaldu du, ohartu zirela mugikortasun arazoak zituzten herritarrek "zailtasunak" zituztela pasealekuan barrena ibiltzeko. "Baziren lurraren egoera ikusita pasealekuko lehen eserlekuetan geratzen zirenak, aurrera egin gabe". Hori dela-eta, udan Aurizenea pasealekuko lurra konpondu du Aiako Udalak. "Orain arte harrizko lurzorua zuen pasealekuak eta oso hondatuta zegoen. Horregatik, zoru zaharra erretiratu dugu, eta oinezkoentzat egokia den zoru berria jarri da. Horrez gain, pasealekuari sarrerak ere egokitu zaizkio, irisgarritasuna bermatze aldera".

Aiako alkateak, jakin badaki Aurizenea pasealekuak badituela hainbat lan egiteke, baina garrantzitsuena bete dela uste du. "Herrira gerturatzen diren guztiei paseatzeko eremu aproposa eskaini diegu". 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide