Aiako Udalak argi dauka bere turismo estrategiaren ardatza: bertan ekoizten diren produktuen sustapena. Horretarako, Udala hainbat ekimen ari da abian jartzen, herrian ekoiztutako elikagaiak balioan jartzeko eta bertako ekoizleek egiten duten lana aitortzeko, besteak beste.
"Gazta, sagardoa eta txakolina dira iniziatiba horiek guztien muina. Izan ere, euskal gastronomiaren identitate dira, eta Aian ere pisu handia dute", azpimarratu du Nekane Agirrezabalaga Aiako Alkateak.
"Bertako produktuen elaborazio prozesua gertutik ezagutzeko aukera dute aurrerantzean bisitariek, baserriak eta ekoizpen etxeak bisitatuz. Horrez gain, Udaletik, produktu horien zuzeneko salmenta nahi dugu bultzatu. Horretarako, Tokiko Produktuen Txokoa sortu dugu, herriko Kooperatiban aurkitzen dena. Bertan, produktuak erosi ez ezik, ekoizleen inguruko informazioa ere eskurau daiteke", berretsi du Agirrezabalagak.
Ezbairik gabe, alkatearen esanetan, "Aiako eragileen inplikazioa ezinbestekoa izan da" orain abian jarri berri duten ondorengo ekimena aurrera eramateko: herritarrek eta bisitariek aukera dute dagoeneko herriko zenbait taberna eta jatetxetan, 4 eta 5 euroren truke, gazta errazio bat dastatzeko, txakolina edo sagardo edalontzi batez lagunduta.
"Ekimen horiek guztiekin Udalak balioan ipini nahi ditu bertako produktuak eta herriko ekoizleen lana. Bisitariek eta bertakoek prozesu guztia eta emaitza ezagutzeko parada izango dute honela".