Emakunde saria jasoko du Hitzez elkarteak

Karkara 2016ko api. 21a, 06:47

Emakunde saria emango diote Hitzez elkarteari apirilaren 26an. Ekitaldia arratsaldeko18:00etan izango da,

Aian du egoitza Hitzez elkarteak, eta elkartean hainbat aiar daude. Apirilaren 26an Donostiako Kursaalean Emakunde Sariak banatuko dituzte, Emakumeen Ahalduntzea, Berdintasunerako Gakoak jardunaldiaren baitan. Sarietako bat Hitzez elkarteari emango diote.

Sari banaketaz gain, egun osoko egitaraua ondu dute antolatzaileek. Bi hitzaldi antolatu dituzte goizean. Marcela Lagarde antropologoa eta Sara Ibarrola soziologoa izango dira hizlariak. Mahai ingurua ere egingo dute, emakumeen ahalduntzeari buruzko esperientziak eta testigantzak partekatzeko. Hainbat elkarteetako ordezkariek hartuko dute parte, baita Hitzezekoek ere.

Saria Hitzez Emakume Baserritarren Elkarteak jasotzeaz gain, Arabako Landa Eremuko Emakumeen Sareak ere jasoko du. Iñigo Urkullu Eusko  Jaurlaritzako lehendakariak emango die oroigarria. Sariekin emakume baserritarrek eta landa eremuko emakumeek duten lana aitortu nahi dute, emakumeak ezinbestekoak baitira landa eremuak bizirik izateko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide