Bina. Berdintasuna ala berdinketa? Bina berdindu du Oiartzunek Realaren aurka. Ados esango luke Euzkitzek. Emakumezkoen futbolaz entzun ditut berriak: berdintasuna omen da nagusi emakumezkoen futbolean. Gizonezkoen futbolaren ingurukoen ondoren entzun dut berria, kirolen atalean. Gainerako ataletan, ez da emakumezkoen politika edo gizonezkoen ekonomia bezalako terminorik erabili. Etiketek identifikazioa errazteko helburua dute, baina badut susmoa zenbaitentzat etiketa horiekin identifikatzea ez ote den erraza.
Bana, emakumezko eta gizonezko, alderdi politikoen zerrendak kremaileran osatzean: berdintasuna omen da. Seina neska-mutil Gu ta gutarrak telebista saioan: berdintasuna omen da.
Nahi adina sexu aukera izango bagenitu! Ez ditugu, ordea, ez gaitezen engaina. Gizonezko ala emakumezko, zein, ar ala eme, ereduak zurrunak dira. -zerez+ko atzizkiak adierazten digu zein jeneroz egina den pertsona hori. Zein jenero. Eta, zein genero? Dikotomia horren bitartez aztertzen dira zientzian, bai sexua eta baita generoa ere. Dikotomia horretatik ihesi edo dikotomia horri aurre egiten dioten pertsonak Gender-Blind –Genero-Itsu– gisa izendatuak dira: itsu, ez ikusten ez dutelako, begiratzeari uko egiten diotelako baizik.
Ados al gaude? Ala, itsu gaude? Ados? Itsu gaude, ala?
Ba egia esan, adiskidea, batzuk itsu,beste batzuk begiak estalita eta gehiengoa beste norabait begira gaudelakoan nago. Soka luze eta astunari heldu ote diozun susmoa daukat, lagundu nahi nizun baina ez dakit indarrik izango dudan edo pisu bihurtuko ote naizen zure ekinean.
Ulertu, inoiz nire baitan edo nire inguruan, inork ez du generoarena, pentsarazteko edo eztabaidagai bihurtuko.
Atzera begiratuta: txikitan, dena ikusteko ahalmena dugunean, inork ez zidan begiratu beharreko hura erakutsi, nerabetan, hormonak bor-borka, itsu egon nintzen, aldameneko jeneroari begira, eta gaur; ustez, gizon heldua izatera iritsi naizenean, hara non konturatu naizen, miopea naizela.
Atzoko haurrek eta gaurko helduek, triste, onartu beharko dugu, ez dugula batere bista onik izan; aldiz, gaurko haurrak, bideratuta noski, ikusmen zabalago bat lortuko dute.
Argi ikusten dudana, eta zurekin guztiz ados nago,ustezko edo derrigortutako berdintasuna da, begian zakarrak baino nazka handiagoa ematen dit. Egoki eta zintzoaren planta hartzen du hartara gizarteak,beste zerbaiti begira jarriz.
Gaurtik aurrera beste begirada batez beiratuko diot generoari, eta jenerua, garaian garaikua, jenerua, freskua!