Amezti

Aurrera pauso gutxi Ameztiren gaian

Karkara 2015ko abu. 18a, 09:30

Ameztin jarritako hesia obragatik dagoela esan dute etxeko jabeek. Zarauzko Udalak obra amaitzean itxitura kendu beharko dutela diote.

Ez atzera eta ez aurrera, gutxi gorabehera guztiak berdin jarraitzen du Ameztin. Hesiak bide publikoa oztopatzen jarraitzen du eta ibiltaria muga zeharkatu ezin duela gelditzen da. Euskadiko Aireko Kirol Federazioko kideak ordea, ez daude geldirik, eta atea jo ta jo dabiltza azalpen eske eta konponbide bila.

Zarauzko Udalarekin jarri ziren kontaktuan, itxiturak Zarautzi ere eragiten baitio. Udalaren erantzunak zion itxituraren inguruko argibideak eskatu zizkiela lurjabeei eta hauek obra garairako besterik ez dutela jarri azaldu zuten. Udalak, obrak amaitzean, kendu egin beharko dutela adierazi zien. Eta, ondoren, itxitura berria egin nahi badute, baimena eskatu beharko dutela eta udal arauek jasotzen dituzten baldintzak bete beharko dituztela.

Federazioko kideak ez daude gustura jasotzen ari diren erantzunekin, ez baitute ezer garbirik entzuten. Zarauzko Udalak erantzun die, baina itxiturarena kontua tranpa hutsa dela iruditzen zaie. Jabeak obra bukatzen denean itxitura ez duela kenduko pentsatzen dute.

Aire Federazioak gaia epaitegira eraman nahi du, datorren astean bilera orokor bat egingo dute horren gainean hitz egiteko eta erabakia hartzeko. Orduan jakingo da gaia epaitegira joango den ala ez.

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide