Lanbidez administraria da Eñaut Guruzeaga –Aia, 1989-. Orain artean zinegotzi izan ez den arren, EH Bilduko udal taldean jardun da lanean azken legegintzaldian.
Zer egin da ondo eta zer gaizki bukatzear den legealdian?
Azken lau urte hauetan, hasteko, ezer gutxi egin da. Lau urte igaro dira eta herria ez da aldatu, ez dugu aurrera egin. Egin den gutxi hori, azken momentuan, presaka, gaizki eta jendeari bizkarra emanez egin da, Elkanoko frontoia eta eskola kasu. Elkanoko lurren jabeak epaitegietara jo du, obrak egiten hasi baitira eta Zarauzko lurrak hartzen baititu, adostu ez bezala. Eta, eskolaren kasuan, inoren ekarpenik gabe ari dira egiten eta bigarren solairuan ikasgelak egingo dituztela ziurtatu gabe.
2011n hitza eman zuen –alkateak– auzoetara gerturatuko zela eta parte hartzea sustatuko zuela, baina hitza ez du bete. Herritarren hitza ez da errespetatu, ezta Bildurena ere. Aia Lantzenen, adibidez, estatutuak aldatu zituzten hauteskunde biharamunean, boto bat gehiago izateko. Horrez gain, bozkatzeko informatuta egon beharra dago eta ez digute informazioa garaiz eman gaian jantzi ahal izateko. Askotan abstenitu egin behar izan dugu, ez baikenekien zer ari ginen bozkatzen. Gu beti sentitu izan gara behin eta berriz paretaren kontra jotzen ari ginela, berak boto bat gehiago izateaz gain, ez digutelako hitza errespetatu.
Zeri emango diozu lehentasuna datorren legealdian?
Gobernatzeko gutxieneko printzipio etiko batzuk jarri nahi ditugu: erabateko gardentasuna, herritarrak informatzea oinarrizko eskubidea baita, alkatearen soldata –astakeria dena egun– murriztu egin behar da. Herritarren hitza entzun nahi dugu eta udaletxera hurbildu. Berak bete ez zuen hitza bete nahi dugu. Horrez gain, frackingan kontrako jarrera irmoa daukagu eta programako proposamenak lehenesten ditugu.
Zer eskaintzen dio zure alderdiak Aiari besteek ez dutena?
EAJkoek Aian beren txiringitoa balitz bezala gobernatu dute; oso gobernu indibidualista eta despota da. Hortaz, guk eskaintzen duguna gobernatzeko modu berri bat da. EH Bildu ez da pertsona bat, ez naiz ni; EH Bildu herritarrez osatutako pertsona talde bat da. Uneoro harremanetan egon nahi dugu herritarrekin proposamenak, kexak eta abar jasotzeko.
Nola egin nahi duzue lan herritarrekin kontuan hartuta Aiak auzo asko dituela?
Herri programa auzokako parte hartzearekin osatu genuen. Programan jarritako proposamenen artean erregulartasuna dago, hau da, gutxienez hiru hilabetez behin auzo guztiak bisitatuko ditugu. Auzoetan batzar irekiak egingo ditugu, baina iritzia ematea kostatzen zaienentzat buzoiak ere jarriko ditugu. Aurpegia eman nahi ez dutenek, modu anonimoan iritzia buzoian bota dezakete.