Gaur eguerdian aurkeztu dute Aiako Bilduko zerrendaburua maiatzeko udal hauteskudeetarako: Eñaut Guruzeaga Erasun –Aia, 1989–. 26 urte ditu, eta lanbidez administraria da. Ez da orain artean zinegotzi izan, baina Bilduko udal taldean jardun da lanean azken lau urtetan. Bere hitzetan, ilusioz eta lan talde baten babesarekin eman du alkategai izateko pausoa. Gaurkoan, ez da zerrenda osatuko duten gainontzeko alderdikiderik aurkeztu, dagoeneko osatuta duten arren.
Aiako plazan izan da aurkezpen ekitaldia, eta Aitor Arregik, taldearen izenean, hartu du hitza lehendabizi. Arregik, auzoz auzo egiteko zegoen eta egiten saiatu diren lana aipatu du. Herritarrei entzun, eta auzoetako beharrak ere aintzakotzat hartuko dituztela esan du. Ondoren, Nika Lertxundi, Getariako alkate aiarrak hitz egin du. Lertxundik, bere herrian ez bezala, Aiako alkategaia gaztea eta talde gaztea dela azpimarratu du. Bukatzeko Guruzeagak berak hitz egin du, eta, ondoren, taldeko argazkia aterata bukatu da ekitaldia.