Haurren kirola: lehia ala heziketa bide izenpean, hitzaldia antolatu du Orioko Curriculuma Sortzen taldeak maiatzaren 7rako. EKAP, Zarauzko Eskola Kirolen Aldeko Plataformako Eneritz Mayora eta Jon Redondo, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaria eta oriotarra izango dira hizlariak.
Eskola kirolaren inguruan hausnarketa egin eta piztu nahi dute hitzaldian, haurrek kirolaz gozatu eta heziketa integrala jasotzeko duten eskubidea defendatuz. EKAPen esperientziak oinarri hartu eta Oriora ekarriko dituzte, bertan haurren kirolari ematen zaion trataera lantzeko.
Hitzaldia salatxo aretoan izango da, 18:30etatik aurrera. Saio irekia izango da, herritar guztientzat, baina batez ere ikastetxeetako kirol arduradun, eskola-kiroletako entrenatzaile eta gurasoentzat.