Ostirala, arratsaldeko 19:00ak. Kultur Etxeko eserlekua guztiak ia beteta. Ateak itxi, argia itzali eta Aldapeko Mariaren doinuan kantatu zuten, taula gainean, Imanol Urkizuk, Alba Carreterok, Iñigo Gaitonek eta Iñaki Larrañagak. Amaitzean, foko batek Ruben Iglesias argiztatu du. Berak hartu du hitza, eta Oteizaren aipu bat ekarri du gogora, proiektuaren ideia guztiak barneratzen baititu: Zerbait berria sortzen duenak, arraunlari baten tankeran egiten du. Aurrera begira egiten du, baina bizkarka, atzera begira, iraganera. Atzera begira lantzen du bere bide berria.
Iglesiasek Iñigo Gaitoni pasa dio testigua. Oholtza gainera igo eta dokumentazio lanak nola egin diren azaldu ditu Gaitonek; bilketa nola egin den. Hiru eratara jaso dute informazioa. Batetik, oinarrizko dokumentuak sort dute eta adituekin elkarlanean findu, zehaztu dute. Bestetik, materiala bildu, aztertu eta aukeratu dute. Horretarako Karkarako ale zaharretatik atera dute informazio asko. Karkara Orio eta Aia herriek duten altxorra dela azpimarratu du, orain arte Karkara aritu baita Orioko Curriculuma sortzen. Liburuak, bideoak eta irudiak ere erabili dituzte. Amaitzeko elkarrizketak egin dituzte, Maria Sagrario eta Patxi Danbolini, besteak beste.
Egindako elkarrizketak proiektatu ostean Ana Gonzalez de Txabarrik hartu du mikrofonoa. Aditu lanetan ibili da bera, baita atzetik mikrofonoaren aurrean jarri diren Eneritz Odriozola eta Garbiñe Manterola ere. Beraien lana eta bakoitzaren arloan emandako pausoak azaldu ostean, Gaitonek hartu du berriz hitza eta orain arte emandako pauso guztiak azaldu ditu.
Ekintzen errepasoa egiten hasi eta zerrenda luzea dela ohartu dira bertaratutakoak. Asko izan dira ikasturtean zehar Orioko Curriculuma Sortzen taldeak antolatu dituen egitasmoak: Herribil, LOMCEren inguruko hitzaldia, Eskola Kirolaren ingurukoa, Hezikidetza gai hartuta egin zuten gosari-tertulia, zutabe margoketa...
Egindakoak alde batera utzi eta datorren urtean egin nahi dutena azaldu dute. Herritarren parte hartzea sustatzen ahalegindu dira orain arte ekintza horiekin guztiekin, baina aurrerantzen herriak du hitza. Herritarrekin partekatuko dute Orioko Curriculuma eta guztien artean osatuko dute behin betiko Curriculuma. Etorkizunera begira Curriculumaren erabilera ikastetxeen esku geratzen dela azpimarratu dute, hortaz, Ikastetxeetako ordezkariei eman diete hitza. Zigor Saizar eta Juanjo Zubizarreta oholtzara igo dira.
Ordezkarien hitzen ostean, hauek jaitsi eta Ainhoa Zumeta eta Eli Urdangarin igo dira taula gainera. Disko gogorrean gordeta dutena azaldu dute, hau da, bildutako materiala zein den esan dute. Material hori Udalari entregatzeko konpromisoa erakutsi dute. Udaleko Hezkuntza Batzordeko kide diren Jon Agirresarobe eta Lourdes Salsamendiri disko gogorra eman eta hitza luzatu diete.
Hasi bezala eman zaio amaiera ekitaldiari, musikarekin. Eskerrak eman eta Arrantza eta Bertso txiki bat kantatu dituzte. Oraingoan, publikoaren laguntza izan dute, eta gutiok batera abesten bukatu da lehen fasearen aurkezpena.