Eduki babestua

Natura, euskara eta elkartasuna, etorkizun hobe baterako ardatzak

Erredakzioa

Euskararen aldeko proiektuak sustatzeaz harago, euskara zeharkako ardatza da Kutxa Fundazioarentzat. (Kutxa Fundazioa)

Ingurumenarekiko eta euskararen sustapenarekiko ardura, ekonomia, ekintzailetza, ikerketa eta nazioarteko elkartasuna dira Kutxa Fundazioak bultzatu dituen alorretako batzuk.

Kutxa Fundazioak azken urteotan lurraldean utzi duen aztarna birpasatzean, ingurumena, euskara edo garapen ekonomiko eta soziala bezalako gaiak nabarmendu ditu erakundeak. Horrelako alorretan lan eginez, fundazioak aldarrikatu du "egunez egun" lan egiten duela "gizarte eta ingurumen konpromisoa aktibatzeko" eta gaur egungo "erronka handiei erantzuteko", Ander Aizpurua Kutxa Fundazioko zuzendari nagusiaren hitzetan.

Ingurumenarekiko ardura ardatz nagusienetako bat da, eta konpromiso horren adierazle dira Baratze Parke Sarea bezalako ekimenak: 20 parke eta 1.500 lursail baino gehiagorekin, nekazaritza ekologikoko eta ekonomia zirkularreko praktikak sustatzen ditu milaka familiaren artean. Euskararen kasuan, fundazioak argi du zeharkako ardatza dela hau. Horregatik, "hizkuntza bizi, moderno eta lehiakorraren sustapena" ez da proiektuen finantza babesera mugatzen: espazio guztietan txertatzen den errealitatea dela azpimarratu nahi izan du. Besteak beste, euskara diziplina garaikideetan erabiltzen duten sortzaileei laguntzen, katalogazio eta komunikazio elebiduna ziurtatuz edota Euskaraldia bezalako ekimenetan aktiboki parte hartzen.

26 enpresatan zuzeneko inbertsioa egiten du fundazioak, proiektu berriei ere aukera emanez. (Kutxa Fundazioa)

Garapen ekonomikoa errazteko 373 milioi euroko zuzeneko inbertsioa egin du fundazioak, 26 enpresatan. Egitasmoaren tamainaz jabetzeko, kalkulatu dute 14.500 enplegu inguru mantentzen dutela enpresa horiek. Besteak beste, helburu soziala duen arrisku kapitaleko erakunde bazkide aritzen da Kutxa Fundazioa, Multiverse Computing bezalako enpresak indartuz. Baina etorkizunean garapen ekonomikoa ziurtatzen jarraitu aldera, ekintzailetza behar-beharrezkoa da, eta Kutxa Fundazioak ere alor horretan dihardu, ehun sozioekonomikoa indartzen duten pertsonen alboan. Bertoko talentuari beharrezko bultzada eman aldera, Katapulta Tour bezalako programak daude: 29 herritan, 37 gunetan eta 27 jaialditan gauzatzen da programa, 41 emanaldirekin eta 5.300 parte hartzaile berrirekin.

Bestetik, eta zientzia eta teknologiaren alorrean STEAM bokazioei bultzada bat emateko, Inspira Bizitzak bezalako programen bitartez esperientzia bidezko ezagutza bultzatzen du. Azken bost urteetan 200 hitzaldi baino gehiago eskaini dituzte diziplina horien bueltan. Baina fundazioaren inpaktu soziala ez da lurraldera mugatzen. Izan ere, elkartasun ekimen ugaritan parte hartzen du, alorrean aritzen diren 200 erakunderi baino gehiagori babesa emanez, bai Gipuzkoako zein beste hainbat lurraldetako proiektuak laguntzen.

Ardatz horien bidez, Gipuzkoa jasangarriago, euskaldunago, berritzaileago eta solidarioago baten alde egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi du fundazioak, bere jardunaren erdigunean gizartearen eraldaketa kokatuz. "Gipuzkoa bidezkoagoa, sortzaileagoa, kultuagoa eta jasangarriagoa eraikitzera bideratutako eraldaketa-tresna gisa ulertzen dugu gure lana", laburbildu du Aizpuruak.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide