Azkoitia eta Zumarraga arteko errepidea, etorkizunari begira

Kris Fernandez 2026ko uztailaren 13a

Azkoitia eta Zumarraga arteko errepidean lanak egiten ari diren eremua, airetik ikusita. (Aldundia)

Garraio azpiegiturek garrantzi handia dute eskualdeen garapen ekonomikoan eta sozialean. Horren adibide dira Azkoitia eta Zumarraga arteko errepidean gauzatzen ari diren hobekuntza lanak; izan ere, proiektu horren helburua da bide sarea modernizatzea, segurtasuna handitzea eta enpresen zein herritarren mugikortasuna erraztea.

Azkoitia eta Zumarraga arteko errepidean egiten ari diren hobekuntza lanek aurrerapauso garrantzitsua ekarriko dute Urola Erdiko komunikazioetara, Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera. Azpiegitura modernizatzeko proiektuaren bidez, eskualdeko mugikortasuna optimizatzea ez ezik, garapen sozio-ekonomikoa sustatzea ere nahi dute, herritarren eta enpresen beharrei erantzun hobea emanez. 

Gainera, Zumarragako ospitalera –eskualdeko erreferentziazko zentroa– zuzenean iristeko aukera emango dute GI-631 errepideko lanek, eta irisgarritasunari eta segurtasunari lotutako hobekuntza esanguratsuak sortu ere bai. "Proiektua lurralde orekaren aldeko apustua da, lanei esker Urola Erdia eta Urola Garaia eskualdeek konexioak indartuko dituztelako. Errepide sare eroso, moderno eta segurua izatea funtsezkoa da enpresentzat eta egunero lantokietara joaten diren langile guztientzat", azaldu du Foru Aldundiko Bide Azpiegiturak eta Lurralde Estrategia departamenduak.

Gaur egungo egoera

2024ko urritik bigarren fasean murgilduta dira lanak; gutxi gorabehera, 1,45 kilometroko zatian ari dira obretan, 22,950 kilometro eta 24,400 kilometro puntuen artean, eta 13,3 milioi euroko aurrekontua dute (BEZ barne). Lanok gauzatzeko hainbat esku hartze egitea aurreikusten dute, bidea egungo beharretara egokitzea izanik helburua. Horri lotuta, Bide Azpiegiturak eta Lurralde Estrategia sailak aurreratu duenez, obrak "erritmo onean doaz aurrera", eta, une honetan, jarduketaren bi heren erabat induskatuta daude. Eremu horretan, ezpondei eusteko eta ingurumena lehengoratzeko lanak amaitzen ari dira, eta dagoeneko drainatze lanak eta firmeak egiten hasi dira. Gainerako zatian, indusketak eta euste lanak egiten jarraitzen dute, eta gero egingo dituzte drainatzeak eta firmeak.

Indusketa lanen garapenean, hasieran aurreikusitakoa baino euste maila handiagoa behar izan dute, eremu horretako harkaitzaren kalitatea dela eta, eta horrek lanak luzatzea eragin du. Halaber, indusketa jardueren barruan, aldizkako leherketak egiten segitzen dute, eta halakorik izaten denetan, sortuko dituen eraginak aldez aurretik jakinarazten dituzte horretarako egokitutako kanalen bidez.

Proiektua errepidearen egungo plataforma ahalik eta gehien aprobetxatuz ari dira egiten, eta lanek ez dute Urola ibaiaren ibilguan eraginik izango. Dena den, egin beharreko esku hartzeen artean dago plataformaren handitzea, menditik espazioa irabaziz, hondeaketak eta maldak eginez. Horrez gain, drainatze sistema berrituko dituzte eta babes barandak jarri ere bai. Errei bat gehituta, 13 metroko zabalera izango du Urola ibaiaren eta mendi magalen arteko errepideak. Gainera, martxan den lanen fasean aurreratzeko bi errei eraikiko dituzte: bata, 275 metrokoa, Urretxurantz doana, eta bestea, 475 metrokoa, Azkoitirako norantzan.

Datozen hilabeteetara begira, eta "lanak eta zirkulazioa bateragarri egiteko asmoz", trafikoa semaforoen bidez kontrolatuko dute, txandakako pasabidea eskainiz, eta egoera jakin batzuetan, errepideko langileek gidatuko dute trafikoa, orain arte egin duten bezala.

Zarauzko saihesbidea, 2027 hasierarako

Gipuzkoako Foru Aldundiak abian du Zarautzen N-634 errepideko trafikoa eta industrialdeetarako sarbideak hobetzeko proiektua. Aldundiaren esanetan, proiektuaren helburuak herrigunetik igarotzen den trafikoaren bolumena murriztea eta bide segurtasuna indartzea dira. Horretarako, saihesbidea eraikitzen ari dira, ibilgailuen zirkulazioaren zati bat herrigunetik kanpora bideratzeko. Era berean, herriko industrialdeetarako sarbideak berrantolatuko dituzte, mugikortasuna errazteko eta trafiko fluxua optimizatzeko.

Lanok tarteko, 1.560 metroko errepide zati berria eraikiko dute, eta hainbat biribilgune egitea ere aurreikusi dute. Aldundiaren arabera, azpiegitura berriek trafikoa arinduko dute, eta zarata nahiz kutsadura mailak murrizten lagundu, herritarren bizi kalitatea hobetuz eta jarduera ekonomikoaren garapena erraztuz. Obra horiek egiteko 18 milioi euroko inbertsioa egingo dute, eta, aurreikuspenen arabera, 2027aren hasieran amaituko dituzte lanok.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide