Naike Saralegik (Azkoitia, 1984) hamaika urte daramatza tatuatzaile lanetan. Bere burua tatuatzen hasi zen, ondoren lagunak tatuatzeari ekin zion, eta azkenean, Azpeitian ireki zuen aurreneko estudioa. Orain gutxi, baina, Oriora etorri da bizitzera, senarrarekin eta umearekin, eta bigarren estudioa ireki berri du herrian.
Nolatan sartu zinen tatuajeen munduan?
Betidanik gustatu izan zait marraztea. Arte Ederrak ikasi nahi nituen, baina orientatzaileak esan zidan ikasketa horiek eginez gero, lana nekez topatuko nuela. Ondorioz, enpresa ikasketak egitea erabaki nuen. Gerora, senarrarekin batera elektrizitate negozio batean lanean ari nintzela, tatuatzaileentzat on line ikastaro bat antolatu zutela ikusi nuen. Izena eman, ikastaroa amaitu, eta, asko gustatu zitzaidanez, neure burua tatuatzen hasi nintzen. Pixkanaka-pixkanaka, lagunei eta senitartekoei tatuaje txikiak egitearu ekin nion, eta geroz eta jende gehiago hasi zitzaidan gerturatzen. Horrela hasi zen guztia.
Noiz erabaki zenuen ogibidez aldatzea?
Hasieran, zaletasun gisa hartzen nuen tatuajeen mundua, baina azkenean, senarrak eta biok elkarrekin genuen negozioa itxi egin genuen, eta tatuajeen bidetik jarraitzea erabaki nuen. Ingurukoek ahoz aho zabaldu zuten nire izena, eta jendea deika hasi zitzaidan; horregatik, gure elektrizitate denda zenaren atzeko aldean muntatu nuen aurreneko estudioa. Tatuatzailea izateaz gain, spinning-eko irakaslea ere banaiz Azpeitian.
Tatuatzaile izanik, zer duzu gustukoen?
Jendearekin izaten dudan tratua. Pertsona pila bat ezagutu ditut lanari esker, eta harreman handia egin dut batzuekin. Jendea lehen aldian gustura geratzen bada, normalean, estudio berera itzultzen da bigarren tatuajea egitera; bezero askorekin urte dezentez ari naiz lanean. Gainera, tatuaje asko oso pertsonalak izan ohi dira, eta bezero askok horien esanahiak edo zergatiak partekatu izan dituzte nirekin. Horrek ere sortzen du intimitate puntu bat. Pentsa, negar ere egin izan dut! Oso lan politak egitea tokatu izan zait, eta asko betetzen nau bai horrek, bai bezeroak pozik ikusteak.
Egin duzun tatuajerik bitxiena?
QR kode bat tatuatu nuen behin. Kostatu zitzaigun kodea irakurtzen zuen plantilla lortzea, baina saiakera batzuen ostean lortu genuen! Bestalde, eskeletako esaldiak eta jendeari ametsetan agertu izan zaizkion irudiak tatuatzea ere tokatu izan zait... Egia esan, denetarik ikusten da.
Estudio bana dituzu Orion eta Azpeitian. Nola moldatzen zara biak kudeatzeko?
Egun batzuetan batean egoten naiz, eta besteetan, bestean. Lan asko izan ohi dut, baina neure kabuz jarraitzeko asmoa daukat. Nahiago dut neure kabuz egunean hamar tatuaje inguru egiten jarraitu, lantalde bat sortu eta egunean hogei tatuaje egitera iristea baino. Izan ere, tatuatzaile batetik bestera asko aldatzen dira teknika, estiloa eta gustua. Nire proiektuak zentzua galduko luke estudioan bigarren langile bat sartuta.
Oraintsu ireki duzu Orioko estudioa eta Oriora bizitzera iritsi berriak zarete. Zer moduzkoa izan da aldaketa?
Ez genuen Oriorekin lotzen gintuen ez seniderik, ez lagunik, baina iritsi orduko maitemindu naiz herriaz. Txikia da Orio, jende oso atsegina bizi da bertan eta gure 7 urteko haurra hazteko leku paregabea da. Oraindik, hala ere, aurpegi berrietara ohitzea eta jende gehiago ezagutzea falta zaigu.
Zer esango zenioke zer tatuatu zalantzan dagoen oriotar bati?
Gaur egun, sare sozialetan eredu pila bat topa ditzakegu, eta, lehenik eta behin, inspiratzeko esango nioke, eta gero, beldurrik gabe etortzeko. Adin guztietako pertsonek egiten dituzte tatuajeak, adin txikiko herritarretatik hasita. Pentsa, 89 urteko pertsona bat ere tatuatu nuen. Arazorik gabe lagunduko nieke herritarrei beren gustuetara egokitzen den diseinua, estiloa eta lekua aukeratzen.