Oporrak Bakean programa martxan izango da aurten ere, Saharako desertuko kanpalekuetan bizi diren haur errefuxiatuek udako hilabeteak Euskal Herrian igarotzeko aukera izan dezaten. Udan desertuan izaten diren baldintza latzetatik ihes egiteko aukera ematen die programa horrek Saharako haurrei, baita Euskal Herriko egonaldian mediku azterketak egitekoa ere.
Helburua haur sahararrak beraien etxeetan hartuko dituzten harrera familiak lortzea izan ohi da, baina oporrak familiekin igarotzeko aukerarik ez duten umeek Bakeleku Udalekuetan igaro ohi dituzte uztaila eta abuztua. Iaz arte, Larrabetzun (Bizkaia) egiten zituzten udaleku horiek, baina aurten Azpeitiak hartuko du herri horren lekukoa, Hain zuzen, Ikasberri ikastolan igaroko dute udako oporraldia hainbat haur errefuxiatuk.
Laguntza sarea
Proiektua eskualdeko herritarrekin zein eragileekin osatzeko laguntza sarea osatzeko lanetan murgildu dira orain Oporrak Bakeaken sustatzaileek. Izan ere, proiektua herritar denena dela azpimarratu dute, baita egitasmoa "auzolanean" eraiki nahi dutela ere. Horregatik, eskaera zehatzak egin dizkiete gizarteko sektore konkretu batzuei.
Egunerokorako elikagaiak –ogia, fruta, barazkiak–, arropa, sendagaiak edota higiene produktuak eman nahi dituzten dendariengana zuzendu dira, laguntza eske. Horrez gain, antolatutako taldeengana edo elkarteengana ere bideratu dute eskaera, "jolasak, tailerrak edo irteerak" elkarrekin egiteko. Kooperatibei edo enpresei ere zuzendu dira, eta babes ekonomikoa eta askotariko baliabideak behar-beharrezkoak dituztela azaldu dute Oporrak Bakean programako antolatzaileek.
Halaber, boluntario bezala lagundu nahi duten herritarrei ere proiektura batzeko deia egin diete. Haur sahararrei zuzendutako programa behar bezala egin dezaten beren alea jarri nahi dutenei antolatzaileekin harremanetan jartzeko deia egin diete, 638 57 91 61 telefono zenbakira deituta, edo darahlizumaia@gmai.com helbidera mezua bidalita.