Haurrak nola informatu gatazkez

Goizane Baylin Carretero 2026ko maiatzaren 24a

Haur batzuk telebista ikusten.

Goizane Baylin psikologoak apirileko Aia-Orio Guka aldizkariko Akuilua hartuta atalean idatzitako iritzi artikulua da honakoa. 

Gaur egun, munduan, gutxienez ehun gatazka armatu aktibo ezagutzen dira, horien artean, azken asteetan hedabide eta sare sozial guztietan ikusten ari garen Irango gerra. Halako egoera arrotzen aurrean, komunikatzeko moduak guztiz alda dezake informazio gogor horien integrazioa. Irudi bitartez helarazten den gehiegizko informazioak, indarkeriarekiko desentsibilizazioa edo ohikuntza sor dezake, alegia, egoera horiek normaltzat hartzea. Nahiz eta horrek pentsarazi pertsona babestu egingo duela, jakina da estimulu horiekiko esposizio jarraiak erreakzio emozionala murrizteaz gain, biktimekiko enpatia sentitzeko gaitasuna txikitzen duela.

Bestalde, egoera batekiko informazio ezak, ziurgabetasun eta ondoez handia sor dezake, arazoaren larritasuna ez delako ezagutzen eta norberak benetazkoak ez diren susmoak sor ditzakeelako.

Puntu horretan, ohiko kezka izaten da nola eta zenbateko sakontasunean komunikatu etxeko txikienei munduan sortzen ari diren gatazkez. Aipatu bezala, gehiegizko informazioak kalteak sor ditzake, baina aldi berean, ezjakintasunak eta horrek eragin dezakeen ziurgabetasunak beldur eta kezka handiak eragiten ditu. Orduan, zein da modu egokiena? Haur edo nerabe bakoitzaren komunikazio modua kontuan izan behar da eta helarazteko modua egokitu adin tartera, bakoitzaren aurregite estrategietara, emozioak erregulatzeko gaitasunetara...

lnguruak lasaia izan behar du,
komunikazioak hitzezkoa,
eta gaua saihestu behar da

Lehenengo pausoa, helarazi nahi dugunaren helburua garbi edukitzea izango da. Haur edo edo nerabeak beldurtu edo alerta egoeran jartzea eta herrialde edo erlijio zehatz baten aurkako jarrerak saihestu behar dira, helburua munduan zeharreko egoerez kontzientzia, errespetua eta gizarte ardura garatzea izanda. Informazioa egoki aukeratu behar da morboan ez erortzeko, adibidez, biktimen bizi baldintzak aipatuta, baina ez hilketa mota edota haien irudiak.

Bigarrenik, denbora eta espazioa aukeratu behar dira. Inguruak lasaia izan behar du, haurraren arreta komunikazioan egon dadin, eta gaua saihestu behar da, ohera kezka horrekin joan ez daitezen. Haurrak jadanik egoeraz zer dakien galdetzea aproposa izan daiteke, hala informazio nahikoa duen edo gaiaren inguruko nahasteren bat duen baloratu dezakegulako. Aldi berean, beharrezkoa da haurrak zer sentitzen duen eta informazioa integratzeko zer modu duen jakitea. Ohikoa izango da txikienengan gai horiek beldurra eragitea, beraz fokua laguntza ematen duten pertsonengan ere jar dezakegu. Informazioa haurraren adin eta ulermen mailara egokitu beharko da, beti ere elkartasuna eta beste herrialdeetako pertsonenganako errespetua sustatuta. Horrez gain, komunikazioa hitzezkoa izatea gomendantzen da, irudiek inpaktu handiagoa eragin dezaketelako. Gainera, telebista edo sare sozialetan behin eta berriz aritu ohi dira gai horiez informatzen, eta beraz, berri gehiegi kontsumitzea saihestea gomendatzen da. •

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide