Industriaguneetako gabeziak eta hobekuntza aukerak identifikatzeko egitasmoa jarri du abian UKUEk

Juan Luis Romatet 2026ko martxoaren 10a

Estazioko industriagunea. (Google maps)

Aia, Getaria eta Zumaiako sei industriagunetan egingo dute azterketa. Industriaguneen egungo egoera aztertu eta hobe bat eraikitzeko sei ardatz estrategiko zehaztu dituzte.

Urola Kosta eskualdeko industriaguneetan dauden urbanizazio gabeziak eta hobekuntza aukerak identifikatzea helburu duen Denontzako industriagunea izena duen egitasmoa jarri du abian Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE). Gune horietako erabiltzaileen iritziak jasoz, industrialdeeta kosarbideak, segurtasuna edota irisgarritasuna neurtu nahi ditu UKUEk programa horren bidez. 

Iritzi horien bidez, "behar errealetara egokitutako irtenbideak" proposatu nahi dituztela ere adierazi du udal elkarteak; "bereziki kontuan hartuko da aniztasuna, gizartearen garapenerako oinarri den heinean, eta industrian lan egiten duten emakumeak mantendu eta berriak erakartzea bereziki kontuan hartuko du proiektuak", gaineratu du.

Egungo industriaguneen egoera aztertzeaz gain, berri bat egiteko ardatzak ere zehaztuko dituzte, sei ardatzi estrategiko zehaztuz: segurtasuna, trafikoa, irisgarritasuna, garraio publikoa, irudikapen sinbolikoa eta naturalizazioa.

Eskualdean gehiago badaude ere, sei industriagunetan garatuko du UKUEk azterketa: Aiako Olaskoegia-Ubegun; Getariako Igarategi-San Prudentzio eta Txori-Tonpe; eta Zumaiako Estazioko poligonoa, Joxe Mari Korta Poligonoa eta Xey Poligonoa.

Iritziak jaso

Aipatu industriagunetako erabiltzaileen iritziak jaso nahi ditu azterketa egiteko. Horretarako, honako galdetegia betetzera animatu nahi dituzte erabiltzaile horiek.

Horrez gain, industriagune horietan egoitza edo lokalak dituzten enpresekin ere online saio bat egingo dute martxoaren 18an. Horretarako, lotura honetan eman beharko da izena.

Herritarren iritziak jasotzea ere funtseskotzat jotzen dute. Elkarrizketa horiek industriguneetan bertan edo telefonoz egin ahal izango dira. Interesdunek hitzordua hartu ahal izango dute enpresa@urolakosta.eus helbide elektronikora idatzita, edo telefono bidez 943 89 08 08 zenbakira deituta.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide