Klima aldaketak eskualdean izango duen eragina aztertu du UKUEk

Intza Trula 2026ko otsailaren 26a

Aiala Zubieta, Eneko Larunbe eta Ion Arozena, klima aldaketak eskualdean izango dituen ondorioen txostenaren aurkezpenean. (Intza Trula)

Klima aldaketak orokorrean herrietan izango duen inpaktua ez ezik, lehen, bigarren eta hirugarren sektorean izango duen eragina ere aztertu dute. Isladak aholkularitza zerbitzuarekin lankidetzan burutu dute lanketa, eta eskualdeko eragile publiko eta pribatuen parte hartzearekin osatu.

Urola Kostako Udal Elkarteak klima aldaketak eskualdeko herrietan izango duen eragina aztertu du, eta lanketaren emaitzak jendaurrean jarri ditu orain. Azterketa Isladak aholkularitza zerbitzuarekin elkarlanean burutu dute, eta bertako teknikari Aiala Zubietak, UKUEko lehendakari Ion Arozenak eta energia teknikari Eneko Larunbek aurkeztu dute txostena.

Kontatu dutenez, ondorio orokorrez gain, lehen, bigarren eta hirugarren ekonomia sektoreetan euriteek, bero-boladek, lehorteek edota uholdeek nola eragingo duten ikertu dute. Lanketa guztia, eskualdeko eragile publiko eta pribatuen parte hartzearekin osatu dute; horri esker, udalerrien kalteberatasuna neurtu eta horri aurre egiteko neurriak zerrendatu dituzte.

Izan ere, UKUEk 2022-2026 aldirako Energia Plana garatu zuen 2021ean, eta plangintza horretatik tirata, azken urteotan hainbat ekimen abiatu ditu. Tartean, 2023an egindako bilera sektorialetan identifikatu zuten klima aldaketak enpresen lehiakortasunean izan dezakeen eragina sakonago aztertzeko beharra. Horregatik, 2025ean zehar bost udalerrietako ordezkari politiko eta teknikarien eta eragile ekonomikoen parte hartzearekin lanketa bateratua burutu zuten. Guztira lau parte hartze saio egin dituzte Zumaian, Zarautzen, Getarian eta Orion (Aiako enpresak barne), eta saio espezifiko bat lehen sektoreko eragileekin.

Hiru helburu

Lanketak hiru helburu zehatz izan ditu: klima aldaketak Urola Kostako udalerriei eta bertako eragile ekonomikoei nola eragingo dien aztertzea; eskualdeko eragileen erresilientzia aztertzea eta klima aldaketak beraien lehiakortasunean eragin ditzakeen ondorioak ezagutzea; eta eskualdeko sektoreetako enpresei arazo hauen berri ematea eta beraien klima aldaketaren aurrean eragile izan daitezen sustatzea.

Klima aldaketari erreferentzia eginez, Arozenak azpimarratu du "eskualdearen etorkizun ekonomiko eta sozialerako erronka estrategiko nagusietako bat" dela. Ildo beretik, esan du ingurumenaz ez ezik, "gure enpresen lehiakortasunaz, enpleguaz eta herritarren ongizateaz" hitz egiten dela klima aldaketen ondorioez hitz egitean. "Horregatik, ezinbestekoa da egokitzapena agenda politiko eta ekonomikoaren erdigunean kokatzea".

Larunbek argitu du azterketaren helburua izan dela "mehatxu klimatiko nagusiak identifikatzea, eta horiek sektore bakoitzean izango duten eragina zehaztea, enpresek erabaki informatuak har ditzaten". Hori horrela izanik, zazpi mehatxu klimatiko nagusi dira aztertu dituztenak: bero-boladak, lehorteak, ibai uholdeak, euri jasen ondoriozko uholdeak, itsas mailaren igoera eta olatuen gehitzea, lur-irristatzeak eta suteak.

Aurreikuspen klimatikoak eta ondorioak

Larunbek azaldu ditu klima aldaketak orokorrean eragin ditzakeen ondorio batzuk. Haren esanetan, aurreikuspenek diote mende amaierarako eskualdean batez besteko tenperatura 3,3ºC igoko dela 1971-2010 urte tartearekin alderatuta. Horrez aparte, urtean zehar 40 gau tropikal izatea espero dela ere esan du. Prezipitazioei dagokienez, euri jasa bortitzagoak izango dira, eta lehorte egun gehiago ere aurreikusi dituzte, teknikariak kontatu duenez.

Sektorekako ondorioez, berriz, Zubietak hitz egin du. Lehen sektoreari dagokionez, bero-boladen aurrean "zaurgarriena" dela esan du Zubietak, "bai pertsonen osasunagatik, baita landare eta abereen ekoizpenagatik ere". Zubietaren hitzetan, muturreko tenperaturek "zuzenean" eragiten diete aire zabalean lan egiten duten pertsonei, eta, aldi berean, ekoizpen-sistemetan estres hidrikoa eta errendimendu galera eragiten dute". Bigarren sektorean, industria-gune asko kostaldean edo ibai ertzetan kokatuta daudenez eta lurzorua iragazkaitza denez, uholde-arriskua "handia" dela esan du, "bereziki euri jasa handiak, ibai uholdeak eta itsas mailaren igoera batera gertatzen direnean". Hirugarren sektorea, berriz, bigarrenaren antzeko arriskuen aurrean dagoela gehitu du.

Hori horrela izanik, lanketaren emaitzetatik abiatuta, sektore bakoitzerako egokitzapen neurri zehatzak ere proposatu dituzte txostenean: esaterako, lehen sektorean landare-estalkiak eta itzal-sistemak sustatzea edo bero-boladen aurkako protokoloak ezartzea, eta bigarren eta hirugarren sektorean material estrategikoa goiko solairuetara eramatea, aldi baterako hesiak jartzea, xukatzeko ponpak instalatzea eta zoladura iragazkorrak sustatzea. Azterketaren ondorio guztiak eta horiei aurre egiteko neurrien zerrendak UKUEren webgunean jarri dituzte ikusgai.

Datozen hilabeteei begira, UKUEk Urola Kostako Energia eta Klima Aldaketaren Plana eguneratzea aurreikusi du, egindako analisian jasotako ondorioak txertatuz eta lan-ildo berriak zehaztuz.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide