Langabetuak kontratatzeko dirulaguntzak jasoko dituzte eskualdeko enpresek

Juan Luis Romatet 2025eko abenduaren 20a

UKUEren egoitza.

208.282 euroko partida izango du deialdiak, eta Urola Kostako Udal Elkarteak kudeatuko badu ere, Lanbidek ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eskatzaileek. 

Urola Kosta eskualdeko langabetuak kontratatzeko enpresei zuzendutako dirulaguntza deialdia iragarri du Urola Kosta Udal Elkarteak (UKUE). Laguntza hauen helburua da baliabide ekonomikoak ematea Aia, Getaria, Orio, Zarautz edota Zumaiako tokiko enpresei Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan langabean eta enplegu eskatzaile gisa izena emanda dauden eskualdeko pertsona langabeak kontratatzeko.

Guztira, 208.282 euroko diru partida gorde dute deialdi horretarako, eta kopuru hori UKUEk kudeatuko badu ere, Lanbidek ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eskatzaileek. Mankomunitateak azaldu du "hainbat kolektibori zuzendutako" 25 kontratazio finantzatuko dituztela.

2025. urtean zehar egindako kontratazioak finantzatuko dituzte laguntza horien bidez. Laguntza jaso ahal izateko, kontratu mugagabeak izan beharko dute, eta %50 edo %100eko lanaldikoak. 8.000 eta 10.000 euro arteko kopuruak jasoko ahal izango dituzte enpresek, "kontratuaren eta kontratatzen den pertsonaren ezaugarrien arabera".

Eskaerak egiteko epea abenduaren 18an zabaldu zuten, eta datorren urteko urtarrilaren amaierara arte egin ahal izango dira. Eskaerak eta erantsi beharreko dokumentazioa bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu behar dela ere azaldu du UKUEk, haren egoitza elektronikoaren bitartez. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide