Eduki babestua

Elgoibarren KZgune proiektu pilotu bat jarri dute abian, hiriburuetako zerbitzu digitalak udalerrietara hurbiltzeko

Erredakzioa 2025eko abenduaren 17a

Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailak proiektu pilotu bat jarri du abian, eta Elgoibarko KZgunea aukeratu dute egitasmoaren probaldia egiteko.

Egitasmo honi esker, herritarrek hainbat izapide egin ahal izango dituzte, laguntza pertsonalizatuarekin, gaur egun izapide horiek egin daitezkeen hiriburuetara joan beharrik gabe. Xede nagusia, herritarren autonomia digitala indartzea dela azaldu dute sustatzaileek. Era horretan gainera, arrakala digitala murriztu eta zerbitzu publikoetarako sarbidea erraztu ahal izango dute, kanal elektronikoen bidez.

"Herritarren eta administrazioaren arteko harremanetarako ezinbesteko kanala da telematikoa. Gainera, asko sendotu den bitartekoa da, eraldaketa teknologikoari esker. Hala ere, aurrerapen honek agerian utzi du desberdintasunak daudela gaitasunetan, baliabideetan eta konfiantza digitalean", azaldu du Maria Ubarretxenak, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren sailburuak. Adierazpenok Elgoibarko KZ Gunera egin duen bisitan egin ditu sailburuak, proiektu pilotua garatzeko aukeratu duten zentroan. KZgunearen proiektu pilotua gidatzen duen sailak administrazio "hurbilagoa" eta "irisgarriagoa" eskaintzeko duen konpromisoa indartzera datorrela azpimarratu du Ubarretxenak. Euskadiko herritarren egunerokotasuna erraztuko duena, haren berbetan.

Elgoibarren abiatuko da egitasmoaren probaldia, eta Bizkaiara eta Arabara zabalduko dute datorren urte hasieran, Lekeitiora eta Amurriora, hain zuzen ere. Eskari handiko eta konplexutasun ertaineko izapideekin hasiko dute egitasmoa.

Lehenengo fase honetan izapide hauek egin ahal izango dira:

- Trafiko-isunak ordaindu

- Etxebizitza izateko eskubide subjektiboa eskatu

- Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoaren (EPE) eskaera egin

- EPErako egiaztagiriak aurkeztu

- Seme-alabak dituzten familientzako laguntzak eskatu

- Zuzenean zerbitzuan hitzordua eskatu

Ondorengo faseetan, Etxebideko inskripzioa eta inskripzio-datuen aldaketa egiteko aukera ere eskainiko diete herritarrei.

Gaikuntza digitala KZgunean

KZgunea sare publikoa duela ia 25 urte sortu zuten, eta funtsezko pieza izaten jarraitzen du herritarrak digitalki gaitzeko. Euskadin 230 zentro baino gehiago daude eta bertako hezitzaileak zerbitzua eskaintzeko trebatuta eta espezializatuta daude. Bertako arduradunen esanetan, KZgunea hurbileko azpiegitura egokia da autonomia digitala indartzeko eta herritarrei administrazio elektronikoarekin duten harremanean laguntzeko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide