Landetako zuhaitzak eta Bilboko espirituak

Aritz Mutiozabal 2025eko abenduaren 3a

Martin eta Xabier Etxeberria anaiak, lan berriekin. (Aritz Mutiozabal)

Irakurle gazteentzako Margot eta Medium komikiak kaleratu dituzte Martin eta Xabier Etxeberria anaiek. Biek testuinguru historikoa eta fantasia uztartzen dituzte, baina lehena poetikoagoa da eta bigarrena detektibeena. Durango Azokaren atarian, Guka osatzen ari den [DA!]tozenak serieko erreportajea da hau.

Xabier eta Martin Etxeberria anaiek irakurle gazteentzako bi komiki liburu argitaratu berri dituzte: Margot eta Medium. Biak bateratsu kaleratu badira ere, denbora aldetik ez dute zerikusirik izan: "Margot-ekin duela zortzi urte hasi ginen, eta Medium, berriz, duela gutxiko proiektua da. Kasualitatez, biak batera argitaratu dira". Biak, gainera, M-z hasten dira, sei hizkiz osatuta daude, eta bi kasuetan, protagonista zein koprotagonista neskak dira. "Medium-en kasuan, Sara Hazparne eta Dolores dira pertsonaiak, Sherlock Holmes eta Watson bezala, eta Margot-en, berriz, Margot bera eta bere ahizpa Claire". Edonola ere, bi bildumak oso ezberdinak dira, istorioek ez dute zerikusirik eta erabilitako tonua ere bestelako da, "nahiz eta kanpotik irakurleak beste perspetiba batetik ikus dezakeen".

Arianna Pisani ilustratzaile italiarrarekin lan egin dute Margot lana ontzeko garaian. Hasiera batean, Julia Cejas marrazkilariarekin ekin zioten lan horri, baina arazo batzuk tarteko ezin izan zuen hark jarraitu, eta italiarrarekin osatu dute bilduma. Argitalpenak komiki izaera hartu aurretik, ordea, ideia eleberri bat osatzea zela jakitera eman dute etxeberriatarrek. "Angoulemako komiki azokako edizio batetik bueltan gentozela, Landetako bidean, paraje haietan kokatutako istorio bat egitea ongi egongo litzatekeela pentsatu genuen. Xabik irakurria zuen nonbait sasoi batean Landak ez zirela egun bezalakoak, zuhaitzak landatu egin zituztela, eta testuinguru historiko horren haritik zerbait egitea otu zitzaigun", azaldu du Martinek. Neil Gaiman idazlearen antzerako fantasiazko istorio bat sortzeko asmotan, komikira jauzi egin zuten.

Proiektuak gorabehera asko izan dituela kontatu du Xabierrek: "Argitaletxe askori gustatzen zitzaien, baina batzuei marrazkiak bai eta istorioa ez, eta beste batzuei, alderantziz. Margot lana argitaletxe oso handiekin kaleratzeko zorian egon gara, baina, azkenean, atzera egin dute. Beraz, kostatu egin zaigu". Duela hiru urte, Getxoko Komiki Azokan Marta Tutone italiarrak zuzentzen duen Madrilgo Liana argitaletxea ezagutu zuten, eta haren bitartez argitaratu dute, euskaraz eta gazteleniaz, aldi berean.

Kontakizuna metafora bat da, azken finean: "Margoten eta Clairen ama hil egingo da, eta ohiturari jarraituz, sagarrondo baten hazia landatuko dute haren omenez. Margot amorruz dago, ama zendu delako, abandonatu egin duela sentitzen du, eta haserre horretatik zuhaitza goraka hazi beharrean, beheraka haziko da. Horrek aldaketak sorraraziko ditu bere inguruan".

Detektibeen urratsak

Medium-en ere heriotza tartean dago, baina beste ildo bat du lanak: "Umore gehiago du, eta abenturazkoa dela esan daiteke, detektibeen istorio bat baita". Arthur Conan Doyle idazlearen eta Sherlock Holmes pertsonaiaren zaleak dira bi anaiak, eta antzeko zerbait egiteko gogoa zuten. Hala, Euskal Herrian kokatu dute kontakizuna: XIX. mende amaierako Londresko giroa eta Bilboko industrializazio garaia parekatu dituzte. Keinu asko zein antzekotasun asko daude, zentzu horretan.

Sara izeneko neska espiritista batek alargun aberats baten heriotza ikertuko du, zeina mamu baten eskuetan hilko den. Era berean, krimenarekin lotura duen umezurtz baten desagerketa argitzen saiatuko da Dolores lagunarekin batera. Estrada inspektoreak, ordea, ez dizkio gauzak erraz jarriko. "Horren anparoan, garaiko meatzariek zituzten baldintza txarrak kontatu ditugu, baita espiritismoak izan zuen garrantzia ere. Sasoi hartan, zientzia kutsua zuen espiritismoak, eta klase sozial jakin bateko emakumeak elkartzeko bide izan zen", aditzera eman du Xabierrek.

Iñaki Gonzalez Holgado ilustratzailearekin elkarlanean sortu dute lana, eta Elkar argitaletxeak plazaratu du. Ez da Gonzalez Holgadorekin lan egiten duten lehen aldia, Valerium Tremens haurrentzako liburuko marrazkiak ere berak egin baitzituen. Aurrez, Medium proiektuaren hazia Xabiroi aldizkarian kaleratu zuten, eta hura aprobetxatuta, ilustratzaileak Jaurlaritzaren komikien diru laguntzetara aurkeztu zuen egitasmoa. Laguntza jasota, urtebeteko epean ondu dute lana.

Bi komiki liburuei aparteko orrialde batzuk erantsi dizkiete bukaeran, kontakizunari buruko informazio gehigarriarekin. Frantziako argitalpenetan ohikoa izan ohi da hori, eskoletan gaia lantzeko eta abar. Margot-en kasuan, desertu bihurtzeko zorian egon zela, zer hizkuntza hitz egiten zuten eta zer-nolako ohiturak zituzten jaso dute. Medium-en kasuan, berriz, Bilboko industrializazio garaiako trazu batzuk ematen dituzte, Europan espiritismoa puri-purian zegoen garaia azaldu dute eta pertsonaia historikoak ezagutzera eman dituzte, hala nola Dolores Ibarruri.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide