Larrialdietan, babesleku

Mireia Galarza Bastida 2025eko abenduaren 1a

Edozein unetan gerta daitezke bizitza hankaz gora jartzen duten larrialdiak, izan etxeko sofan, mendira buelta bat ematera irteterakoan ala hondartzan bainu bat hartzeko momentuan. Ez dira inondik inora egoera samurrak izaten, baina bestaldean, badaude laguntzea helburu duten talde eta norbanakoak. Horietako hiru elkarrizketatu ditu Gukak azaroko Guka erreportajerako.

Urriaren erdialdean egin zuen Zarautzen Basque Segurtasun Foroak prebentzioaren, bide segurtasunaren, elkarbizitzaren eta larrialdien kudeaketaren arloetan dituen behar zehatzen azterketa saioa. Saioak saio, etorkizunera begira baino egunean eguneko lanak helburu dituzten gizabanako asko daude eskualdean, era bateko nahiz besteko larrialdietan laguntzen dutenak.

Iaz, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Egoerari Buruzko 2024ko Txostena izeneko dokumentuan jasotakoaren arabera, Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak 252.911 dei jaso zituen, horietatik 79.882 Gipuzkoatik. Baina nolakoak dira 112 telefonora deitu eta laguntza eskaintzera etortzen diren horien aurpegiak? Asko eta asko dira, profil, interes eta bizitza istorio anitzak dituztenak, erreportaje honetako hiru protagonistak bezala.

Sua eta bestelakoak

Daniela Dominguez (Buenos Aires, 1971) Argentinako hiriburukoa da, baina Azpeitian bizi da egun. 2013tik suhiltzailea da, baina aurretik, Madrilen igaro zituen hainbat urte, paperik gabe. Han bestelako "lan prekarioak" eduki zituela azaldu du. "Asko saiatuta, lanerako baimena lortu nuen, eta orduan erabaki nuen gustatzen zitzaidan lanpostu bat lortzen saiatzea. Lagun batek esan zidan suhiltzaile oposaketak iragarri zituztela, eta 2008an, aurkeztu egin nintzen", gehitu du.

Daniela Dominguez, lanean. (Utzitakoa)

Aurkeztu, baita emaitzak lortu ere. Hamabi bat urtez Goierriko suhiltzaile parkean dihardu lanean, Gipuzkoako beste parke guztiekin elkarlanean, eta horiek nola antolatzen diren eman du aditzera Dominguezek. Orotara, bederatzi suhiltzaile parke daude Gipuzkoan, hain zuzen, Donostian –hiriburuko larrialdietarako–, Oñatin, Zarautzen, Eibarren, Irunen, Tolosan, Legazpin, Azpeitian eta Ordizian. Parke bakoitzak du bere jarduera eremua, herri batzuetako larrialdiak egokitzen zaizkio bakoitzari, alegia.

Eskualdeko parkeei dagokienez, Azpeitikotik, herri horretakoei ez ezik, Azkoitiko, Beizamako, Zestoako eta Errezilgo larrialdiei erantzuten diete. Zarauzkoak, berriz, Zarautz bera, Aizarnazabal, Aia, Getaria, Orio eta Zumaia hartzen ditu jarduera eremu gisa. "Zerbait oso handia gertatzen denean, inguruko parkeekin osatzen dugu laguntza zerbitzua, eta kasu horietan laguntza zer parkeri dagokion ere zehaztuta dago", azpimarratu du suhiltzaileak.

Parke bakoitzean, berriz, kabo bat eta hiru suhiltzaile egoten dira goardia bakoitzeko, gutxienez, "baina egon daitezke lau edota bost ere", Dominguezen esanetan. Halaber, parke bakoitza hiruko taldeetan antolatzen dute, eta horiek ere arduradun nagusi bat izaten dute: sarjentoa. Guardia bakoitzean, gainera, goardiaburu bat ere egoten da.

Goardiak aipatuta, horiek nolakoak izaten diren ere gehitu du suhiltzaileak: "Goierrin sei talde daude, lau lanean egoten dira, eta beste bi atseden tartean, txandaka. Lau talde horiek 24 orduko goardietan antolatzen dira, baina funtsean, beste edozein langilek bezain beste ordu sartzen ditugu".
Larrialdirik ezean, parkean igarotzen dute laneguna suhiltzaileek, denboraren %80, gutxi gorabehera". Bertan egiten dituzten lanak “oso garrantzizkotzat" jo ditu Dominguezek, "larrialdietarako dena prest izaten" laguntzen dietelako. "Gainera, formazioak, simulakroak, ibilgailuen errebisioak eta aurreko goardiakoen informazio eguneraketa egiten ditugu", adierazi du.

Zer gertatzen da, ordea, larrialdiak daudenean? Dominguezek jakinarazi duenez, goardian dauden suhiltzaileen artean zereginak banatzen dituzte. Hori horrela, osasun suhiltzaileak, mahukaren ahoa manipulatzen dutenak eta ur ponparen arduradunak zeintzuk izango diren erabakitzen dute, eta zeregin horiek txandakatzen dituzte goardia bakoitzeko –istripuen kasuan erreskatatzaile figura ere gehitzen dute–. "Kaboa, berriz, larrialdiaren erradiografia egiteaz arduratzen da", esan du.

(Argazkia: Mireia Galarza Bastida)

Ardurak zehaztuta, larrialdietara irteten dira suhiltzaileak, eta askotariko lanak egiten dituzte. Dominguezek nabarmendu nahi izan du ez daudela berdinak diren bi larrialdi, baina gehienak hiru multzotan sailka daitezkeela: sorospen teknikoko larrialdiak, suari lotutako larrialdiak eta trafiko istripuen larrialdiak. "Multzo bakoitzean, ordea, azpimultzoak daude, ez baitira gauza bera, adibidez, industria gune bateko sutea eta hiri batean gertatzen dena", gehitu du. Kasuak kasu, lehentasunak mailakatu ditu suhiltzaile argentinarrak: bizitza, ondasunak eta ingurumena.

Hainbat urtez erreskateetarako hezitako txakur bat ere izan du Dominguezek. "Betidanik" izan da animalia zalea, eta ideia "aparta" iruditu zitzaion txakur bat adoptatzea eta hura laguntzeko heztea. "Ordurako suhiltzailea nintzen, eta hori eginda, nire bi afizioen arteko sinergia paregabea lor nezakeela pentsatu nuen", adierazi du. Nafarroan hasi zen entrenamenduekin, baina gero Madrilgo Babes Zibileko Eskolan jaso zuten heziketa. Azpeitiko bizilagunaren esanetan, animaliei zuzendutako hainbat formazio mota daude, baina "urtean hamar pertsonak bakarrik" atera dezakete ziurtagiria: "Ikaragarria da nola ikasten duten animaliek, eta nabari egiten da gustatu egiten zaiela. Gainera, gorpuez gain, drogak, lehergailuak, suteak azkartzeko elementuak... hautemateko gai dira".

Laguntzeko sena

Dominguez bezala, suhiltzailea da Ibon Errazu (Azkoitia, 1979) ere, askok anbulantzia gidaria edota argazkilaria dela pentsatzen duten arren. Geldirik ezin duelako egon dago hainbat eta hainbat saltsatan sartuta, eta ez da oraingo kontua. Izan ere, Gurutze Gorriko boluntarioa da 16 urte zituenetik. Anaia ibiltzen zen aurrez erakunde horretan, eta egun biek jarraitzen dute boluntario lanetan. Gainera, Azkoitiko Gurutze Gorriko lehendakaria da Errazu, eta garbi adierazi du zein den beraien lana: "Gurutze Gorria herritarrei laguntzeko tresna bat da".

Ibon Errazu, Azkoitiko Gurutze Gorriaren egoitza atarian. (M. Galarza Bastida)

Mundu mailako erakundea da aipatutakoa, 1859an sortua, baina ordezkaritza bidez dago antolatuta. Azkoitiko ordezkaritzaren gainetik dago, esaterako, Gipuzkoakoa, eta ondoren daude Euskadikoa eta Espainiakoa. Azkoitikora mugatuta, ordea, askotariko ekintzak egiten dituztela azaldu du Errazuk. Adibidez, mugikortasun arazoak dituztenentzat garraio egokitua dute, Osakidetzak pertsona horiek leku batetik bestera eramateko ezintasuna duenerako, eta adineko pertsonen artean ohitura osasuntsuak sustatzea xede duen Azkoitiko Pasira egitasmoan ere parte hartzen dute.

Urtean zehar sentsibilizazio kanpaina ugaritan ere izaten dira Gurutze Gorrikoak, hala nola sexu trasmisiozko infekzioen ingurukoetan. "Gero, badira anbulantzia bat egotea eskatzen duten ekitaldi batzuk, zezenketak edota kirol probak, esaterako, eta horietan ere eskaintzen dugu zerbitzua", gehitu du. Horrez gain, formakuntza ere bada Gurutze Gorrikoen beste lan lerroetako bat: lehen sorospenak, bihotz-biriken suspertzea, uretako sorospenak... "Momentuz, Azkoitiko igerilekuko sorosle zerbitzua ere gure esku dago, udalak zerbitzu hori kontratatu zuelako, baina egia esan, ez dakit horrekin zer gertatuko den", esan du.

Aipatutako zerbitzuez gain, azkoitiarrak garbi utzi nahi izan du herritarrek Gurutze Gorriak egiteko moduko ekintzak ikusten badituzte "beraiengana lasai" jo dezaketela, "Gurutze Gorriko ateak zabalik" dituztelako.

1998ra arte, ordea, larrialdi zerbitzuetako sareko partaide zen Gurutze Gorria, Azkoitikoa barne, eta artean, Urola Erdian gertatzen ziren istripuetara joateko ardura izaten zuten. "Beste batzuen esku utzi zuten gero zerbitzu hori, eta horrek asko aldatu zuen gure jarduera", jakinarazi du Errazuk. "Egun, zerbait oso handia gertatzen denean eta larrialdi zerbitzuetakoek errefortzua eskatzen dutenean bakarrik joaten gara istripuetara", erantsi du azkoitiarrak.

Ematen dituzten zerbitzuekin jendea "eskertuta" agertzen dela gaineratu du Errazuk, baina garbi utzi nahi izan du larrialdi egoeretan, anbulantzia iritsi bitartean, eta larrialdietako langileei laguntzeko eta norberaren onerako, herritar guztiek izan beharko lituzketela gutxiengo ezagutzak: "Azkenean, zuk 112ra deitzen duzu, baina telefonoz bestaldean dagoenak ez daki gertatzen ari denari buruz ezer, eta urduritasunak tarteko zaila izan badaiteke ere, norberaren esku dago informazioa ondo ematea eta ikusten duena ondo deskribatzea". Horregatik, dei bat egitean hainbat puntu aipatu behar direla azaldu du Errazuk: probintzia, herria, helbide zehatza eta erreferentzia bat (errepidearen noranzkoa, kilometro zehatza edota, lekua ez bada irisgarria, hara joateko hartu beharreko bihurgunea jakinaraztea...

Gainera, mezu bat ere helarazi nahi izan die Errazuk herritarrei. Haren hitzetan, geroz eta boluntario gutxiago daude erakundeetan, jendeak ez duelako nahi "konpromisorik" hartu. Errazuren ustez, boluntario izateak errealitatea nolakoa den ikusteko balio du, eta bizi esperientzia moduan "oso aberasgarria" dela azaldu du. Horregatik, edozein gonbidatu du boluntario gisa ekintzaren bat egitera, "txikia bada ere".

Errazu, anbulantziarekin. (M. Galarza Bastida)

Ur azpian

Errazu bezala, Mikel Perez (Zumaia, 1965) ere Gurutze Gorriko kide izan zen hainbat urtez, zehatzago esanda, itsasoko Gurutze Gorrikoa. Nerabea zenean batu zen talde horretara, eta han izan zuen Derrigorrezko Zerbitzu Militarra egiteko aukera. Familiatik datorkio urarekiko afizioa, Aita Mariren ondorengo urruna baita, eta urte luzez, afizioaz gain, ofizio ere izan du ur eremua. Zehazki, Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitatean egin du lan, uretako erreskateetan, orain dela gutxi jubilatu den arte.

Gurutze Gorrian zegoela, Ertzaintzaren lehen promozioetako kideekin harremana zuela azaldu du Perezek, eta haiek esan ziotela erreskateetarako taldea sortu nahi zutela. Zumaiarrari "asko" gustatu zitzaion proposamena, eta ertzain izateko probak gainditu aurretik batu zen urpekari taldera, Brigada Mugikorreko Akuatikako sailera, hain zuzen ere. Behin plaza lortuta, dozenaka eta dozenaka erreskate egin ditu Perezek, bere lankideekin batera.

Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitatea Iurretan (Bizkaia) dago kokatuta egun, eta han daude, uretako erreskateak egiten dituzten profesionalez gain, aeronautika eta mendiko erreskateak egiten dituzten ertzainak ere. Uretakoetara itzulita, baina, Perezek aditzera eman du beren jarduera eremua ura dagoen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako leku guztiak direla, izan errioak, itsasoa, urtegiak...
Eremu horietan askotariko istripuak nahiz larrialdiak artatutakoa da Perez, hala nola errioetara eroritako autoetatik jendea ateratzea, bere buruaz beste egindako jendea bilatzea, itsasontzietatik eroritako tripulazioko kideak uretatik ateratzea... Ingurumen istripuetan ere lan egiten dutela gehitu du zumaiarrak, eta adibide bat jarri du hori irudikatzeko: "Prestige itsasontziko txapapotearen kasuan lan egitea egokitu zitzaigun. Orban handi bat aurkitu genuen lurretik mila batzuetara, eta eremu hori balizatzen ibili ginen". Larrialdiez gain, baina, prebentzioan ere aritzen dira lanean, besteak beste, estropadetan eta.

Mikel Perez, eskuinetik hasita aurrena, Getariako uretan. (Utzitakoa)

Suhiltzaileek bezala, goardia sistema bat dute lanerako ezarrita, denborarekin zertxobait aldatu dena, zumaiarraren esanetan. Erreskateak egiteko lau taldetan daude banatuta ertzainak, eta talde bakoitzean daude erreskate mota desberdinak egiten dituztenak: "Talde bakoitzean zortzi-hamar urpekari egoten ginen, eta mendikoak zertxobait gehiago, eremu horretan lan gehiago izaten delako". Talde bakoitzak, lehen behintzat, 24 orduz eta zazpi egunez egoten ziren goardian lehen astean; bigarrengoan atsedena izaten zuten; eta hirugarrengoan, aldiz, entrenamendu, simulakro eta formakuntza saioak egiten zituzten.

Ez da ohikoena izaten, baina bi erreskate batera egokituz gero nola jokatu izan duten ere eman du aditzera urpekariak: "Horrelakoetan, irtenbide bat baino gehiago izaten dira. Horietako bat da, adibidez, erreskateetan talde guztia ez denez hasieratik uretara sartzen, kanpoan dauden horiek bigarren larrialdira joatea. Lehen, bigarren irtenbidea izan zitekeen, aldiz, aurreneko erreskatera entrenamenduetan zeudenak bidaltzea, eta laneko txandan zeudenak sartzea ondoren, iluntze aldera, besteek laneguna amaitzen zutenean, goardiakoei edozein ordutan lan egitea egokitzen zitzaielako".

Perezek azaldu duenez, larrialdietan garrantzitsua da "hotz jokatzea", norberaren burua arriskuan jarri gabe aritzea. "Azken finean, ezbehar baten ondorioz, bi hildako egotea baino hobe da bakarra hiltzea. Horregatik eduki behar da uneoro garbi erreskate batean gaudela eta gauzak ahalik eta ondoen egin behar direla", adierazi du.

Aitzitik, kontziente da egoera horien gogortasunaz, eta gaineratu du ez dela "samurra" hildakoak uretatik ateratzea. "Ni saiatzen nintzen erreskatatutako pertsonei aurpegira ez begiratzen. Izan ere, uretan erreskatatzen diren lagun asko hilda egoten dira", gaineratu du. Eta zera dio: "80ko hamarkadan autobus istripu bat izan zen Santiago hondartzaren inguruan; autobus bat erori zen uretara. Kuadrillako bat erreskatatu nuen istripu hartan". Uretan egoera gogorrak bizitzea egokitu bazaio ere, eremu horrek ematen diona "asko" dela gaineratu du Perezek, eta lanean ez bada ere, urarekin lotuta jarraituko duela betirako.

Perez, Zumaian. (M. Galarza Bastida)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide